Bilbo - Bote luzeko partida batean amaituko den pilota-joko tradizionalera hurbiltzeko antolatutako jarduera Berrizen edota Mari Sorginaren istorioa argitzeko bisita gidatua Karrantzako Pozalagua haitzulotik zehar. Bizkaiko ondare kulturala ezagutzera emateko 200 jarduera baino gehiago antolatu dira Ondarea plazara! ekimeneko edizio berrian. Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien barruan bultza-tzen duen ekitaldiak jarduera eta formatu berriak dakartza bere 19. edizioan. Horrela, bost zentzumenekin parte hartzeko ekintzak programatu dira. Urrian zehar lurraldeko 58 udalerritan zehar antolatuko den egitasmoak 5.000 partaide baino gehiago zenbatzea espero du.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuaren esanetan, ondarearen jardunaldi honek “askotan ezkutuan, eta beste batzutan agerian, egoten den ondarea gizarteratzea eta herritarrei modu errazean eta eraginkorrean eskaintzeko helburua du. Aurten, gainera, helburua, gaia eta leloa guztiz bat datoz”. Ekitaldien berri emateko antolatutako prentsaurrekoan azaldu zuenez, “zaletasun guztiak betetzeko moduko jarduerak dira antolatzen direnak”, eta, urtero bezala, helburua herritarrak parte hartzera gonbidatzea da. Izan ere, “gizarteak arte komunitarioa izenarekin ezagutzen den ondare kulturalak daukan balioa aintzat hartzea” da ekimenaren xedeetako bat.

Programaren barnean, adierazpen “ludikoak nola erritualak, bai bat-batekoak eta bai zeremonietakoak” egongo dira. Horren erakusle da, adibidez, atzo irudikatutako Balkoitik Balkoira ekimena, zeinetan Arkeologia Museoko eta Euskal Museoko balkoietatik Sebastian Lizaso eta Maddalen Arzallusek bat-bateko bertsoak bota zituzten. Komunitarearena den arte horren barruan sartzen da, Lorea Bilbaok esan bezala, “ukigarriak eta ukiezinak diren alderdiak, objektuak eta tokiak, belaunaldietan zehar transmititu diren eta derrigorrez kontserbatzen jarritu behar diren teknikak eta ezagutzak”. Hori dela eta, dantzak, herri kirolak, musika eta jokoak, erromeriak, antzerki edota musika emanaldiak eskainiko dira.

Formatu berriak Diputatuaren esanetan, Europako Kontseiluak behin baino gehiagotan eskatu du Aldundiaren babesarekin antolatzen diren ekimen hauen inguruko informazioa, bere interesa erakutsiz. “Erronka handia izan da”, aitortu zuen Ainara Martinez historialariak, Amaia Apraizekin batera ekitaldiak antolatzearen arduradunak. “Aurten jarduera berriak ez ezik formatu berriak ere gaineratu ditugu. Parte hartzaileak bost zentzumenekin murgiltzea nahi dugu”, adierazi zuen. Horrela, errepertorio horren barruan jokoak eta kirolak sartuko dira, ludikoenetatik hasita -Aulestian, Getxon edota Gorlizen- bertsio profesionalera heldu arte. Izan ere, pilota eta bola-jokoa protagonistak izango dira Berriz, Barakaldo, Gernika, Gordexola, Karrantzan eta Ugao Miraballesen.

Jaietako errituek ere protagonismoa izango dute edizio honetako programaren barruan. Izan ere, Bermeoko Madalen egunean, uztailaren 22an, teila uretara jaurtita Izaro uhartea herriarena dela gogoratzen dela azalduko da. Ez da bakarra izango, Elorrioko Errebonbilloak eta euren alardea; Orozkoko Gaztaina eguna; Galdakao eta Gordexolako erromeriak; Muxikako Saragiaren Hileta; edota Zamudioko Arimen Gaua ere emango dira ezagutzera, besteak beste. Heriotzari lotutako errituen inguruko proposamenak ere eskainiko dira. Adibidez, Berangok Gerra Zibilaren urte gogorretan abesten ziren kantak plazaratuko ditu.

Erritu eta jakite guztiak plazaratzeko tokiak ere kanpainako protagonistak izango dira. Horrela, Portugaleteko kioskoa, Basauriko antzokia edota Karrantzako probalekua hurbiletik ezagutzeko aukera egongo dira. Aldi berean, publiko interesdunak aukera izango du lehenengoz sozietate eta klub pribatu batzuk bisitatzeko, besteak beste Club Cocherito de Bilbao eta zezenen munduari lotuta dauden bere pieza artistikoak, eta Sociedad Filarmónica eta oraintsu berrituta dagoen bere egoitza, Fidel Iturria arkitektoak 1904an diseinatu zuena.

Gainera, programan zehar XVIII. mendetik aurrera bildu diren herri-kantutegietatik gaur egungo argitalpen digitaletara erregistratu eta sistematizatu dituzten errepertorioekin artxiboek, museoek eta elkarteek egindako lana erakutsiko da. Errepertorio edo adierazpen kultural guztiak testuingurua ulertzen eta interpretatzen duten objektu batzuei lotuta daude. Pieza horiek guztiak erakutsi egingo dira, batzuk kasu honetan ikusteko zaharberrituta eta aztertuta. Hori da, adibidez, Iparragirre bardoaren gitarrarekin egin dena Gernikan jarduera bateko protagonista izan dadin, edo Markina-Xemeingo kaleetan erakutsiko diren dantzetako soinekoekin.