urriaren 14ra arte

Durangoko Azokako guneetarako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago

Azokak iraungo duen lau egunetan  aurkezpenak, mahai inguruak, hitzaldiak, emanaldiak eta lantegiak  izango dira

09.02.2020 | 15:26
Durangoko Azoka irudietan. Fotos: Borja Guerrero

Azokak iraungo duen lau egunetan  aurkezpenak, mahai inguruak, hitzaldiak, emanaldiak eta lantegiak  izango dira

BILBO. Durangoko Azokako guneetarako proposamenak  aurkezteko epea zabalik dago urriaren 14ra arte. Azokak iraungo duen lau egunetan  aurkezpenak, mahai inguruak, hitzaldiak, emanaldiak eta lantegiak  izango dira zazpi gune ezberdinetan.

Izan ere, bere arduradunek gogoratu dutenez, Durangoko Azoka "ez da liburuak eta diskoak erosteko leku soil bat, askoz haratago doa bere izaera". "Izan ere, Kulturaren Plaza bihurtzen da eta zenbait ekitaldiz gozatzeko aukera izan ohi da urtero urtero", nabarmendu dute.

Modu honetan, astelehenean zabalduko da Durangoko Azokak guneetan aurkezpenen bat egiteko deialdia eta urriaren 14ra bitartean izango dute sortzaileek beren proposamenak luzatzeko aukera.

Gune bakoitzari dagokionez, Areto Nagusian aurkezpenetarako 20 minutuko tarteak egokitzen dira, eta azokako partaideek eta euskarazko ekoizpenek dute lehentasuna. Hala ere, beste proposamen bereziek ere izaten dute noizbehinka lekua. Kabi@ gunean kultura digitalarekin zerikusia duten aurkezpenak eta ekitaldiak antolatzen dira; egitarauaren zati bat aurrez definitzen da, baina proiektu zehatzak aurkezteko behar izaten den tartea ere egokitzen da.

Ahotsenea sortzaileen gunean, aurten, webgunean egongo den formulario bidez bakarrik jasoko dira eskariak. Ahotsenea bi gunetan banatzen denez, bi formulario berezitu egongo dira: Ahotsenea Solasaldiak (euskarazko literatura lanak aurkezteko gunea da eta 20-30 minutuko aurkezpenak egiteko aukera dute sortzaileek) eta Ahotsenea Zuzenekoak (Landakogunearen alboan karpapean egokitzen den gunea da eta euskarazko lanak aurkezteko musika kontzertu laburrak dira, 20-30 minutukoak).

ESZENATOKIA

Eszenatokia San Agustin kulturgunean dago, oinezko bidean Landakogunetik bost minutura. Antzokia da eta euskarazko antzezlanek edota arte eszenikoekin zerikusia izan dezaketen proposamenek osatzen dute egitaraua. Dena den, aurrez definituta dago egitaraua da eta ez da gune honetarako deialdirik zabaltzen. Irudieneari dagokionez, Durangoko Zine Zugazan dago, euskarazko ikus-entzunezkoak erakusteko gunea da eta aurkezten den ikus-entzunezkoaren emanaldia baino lehen, 10-15 minutuko azalpen laburra egiteko tartea izaten da. Saguganbara haur eta gazte arloan arte diziplina ezberdinetako sormen lanak ezagutzera emateko gunea da, eta denbora tarteak disziplinetara egokitzen dira.

Azkenik, Plateruenak egunez taberna zerbitzua eta gauetan kontzertu luzeak eskaintzen ditu azoka egunetan. Ez da aurkezpenetarako deialdirik zabaltzen, antzokiko arduradunek ohiko bideetatik programatzen dute eta ordaindutako kontzertuak dira.