BILBAO. Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin batera, Eusko Jaurlaritzako bi ordezkariek Euskarabenturako gazteekin hitz egiteko aukera izan dute arratsalde honetan egindako ekitaldian.

"Haurrak eta gazteak dira euskara neurri handiagoan ezagutzen dutenak, bai eta gehien erabiltzen dutenak ere. Hala ere, hizkuntzaren erabilera sozialaren ikuspuntutik, tartea dago urratsak ematen jarraitzeko, batik bat belaunaldi gazteenen artean, ezagutza maila oso altua da eta. Helburu hori lortzeko, euskarak bizipen positiboekin lotuta egon behar du, eta horren adibide da Euskarabentura; haren bidez, gure kultura eta gure hizkuntza hobeto ezagutu ahal izango dute", adierazi du Zupiriak. Gainera, kultur ondarea gazteen artean hedatzeko ekimenak duen garrantzia nabarmendu du.

Aurtengoa Euskarabenturaren bigarren edizioa da, eta Eusko Jaurlaritzak bi sailen bitartez lagundu du ekimena: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Enplegua eta Gizarte Politikak. Nafarroa/Euskadi/Akitania Berria Euroeskualdeak ere proiektua laguntzen du.

Ekimenak hiru helburu nagusi ditu: gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea; gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea; euskal natur ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.

120 GAZTE

Euskarabenturan 16 eta 17 urteko 120 gaztek hartzen dute parte, Euskal Herri osokoak, bai eta diasporako zenbait ere. Uztailaren 1etik 31ra bitartean 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro eginez, gehienak oinez. Bigarren edizioa Maulen hasi eta Getxon amaituko da.

Hil osoan zehar gazteek era askotako lekuak ezagutuko dituzte, besteak beste, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako guneak, basoak, hondartzak, museoak, uztarako lurrak, haitzuloak, portuak, gazteluak, larrak, monumentu eta eraikin ezagunak, gatzagak edota baserriak.

Horrekin batera, Euskarabenturaren antolakuntzatik azaldu dutenez, "era eta eduki anitzeko mintegi, lantegi eta ekimenek aberastuko dute abentura". Izan ere, "hainbat esparrutako profesionalak, hala nola musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak edo kirolariak, aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko".