BILBAO. Lan berri honekin, Helena Tabernak bere ibilbide zinematografikoari jarraipena ematen dio, gure jendartean pil-pilean dagoen gai bat jorratuz. Euskal gatazka (Yoyes), inmigrazioa (Extranjeras), memoria historikoa (La buena nueva), feminismoa eta emakumeen eskubideak (Nagore) edota sekten gaia (Acantilado) jorratu ondoren, nafar zinemagileak bere konpromezua erakusten du beste behin, oraingoan, Europako ateetan zain dauden errefuxiatuek bizi duten drama irudikatuz.

Varados Zaporeak Proiektuaren ekimena da, Lamiarekin koprodukzioan gauzatua. Zaporeak Proiektuak 2016az geroztik darama Grezian gatibu dauden pertsona errefuxiatuen duintasuna elikatzen, horretarako, otordu duinak kozinatu eta banatuz. 2016ko martxoaz geroztik 1.000.000 otordu baino gehiago banatu ditu Chios, Atenas, Patras eta Lesbosen. Gaur egun, 1.600 otordu banatzen ditu Lesboseko Moria kanpalekuan bizi diren errefuxiatuen artean.

Helena Taberna

(Altsasu, Nafarroa) Bere ibilbidea proiektuak hautatzeko izan duen koherentzia eta zinema estilo oso pertsonal batek markatu ditu. 2002an bere ekoiztetxe propioa sortu zuen, Lamia Producciones. 2006an Emakume zinemagile eta ikusentzunekoen elkartea (CIMA) sortu zuen. Bere pelikuletan gizarte gaiak eta interes unibertsalekoak jorratu ditu, besteak beste, terrorismoa, emigrazioa, elizaren parte hartzea Gerra Zibiliean, genero biolentzia edota sekten manipulazioa. Bere lehen filma, Yoyes (2000), urte hartan nazioartean gehien saritutako espainiar filmetako bat izan zen, arrakasta handienetakoa izan zuen filma izateaz gain. Bere bigarren pelikula Valladolideko SEMINCI-n aurkeztutako Extranjeras dokumentala izan zen. 2008an, La Buena Nueva zuzendu zuen, SEMINCI-ko aktore onenaren saria jaso zuen filma. 2010ean Nagore estreinatu zuen, Valladolideko jaialdian aurkeztua ere, San Ferminetan gertatutako ikasle gazte baten hilketa jorratzen duen dokumentala. Bere azken pelikula, Acantilado, Malagako Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu zen.