GASTEIZ. Ospakizun horietarako, gatzagen arduradunek urteurrena ospatzeko ekitaldi batzuk antolatu dituzte, eta bihar bertan hasiko dira “Gatz Haranaren oroitzapenak" izeneko argi eta soinu ikuskizunarekin, zeinetan leku paregabe horretako bilakaera historikoaren birpasa egiten baita.

Azken 20 urteak bete-beteko iraultza izan dira Gatz Haranerako. Munduko gatz paisaia kultural garrantzitsuenetariko bat leheneratzeko proiektu konplexu hau 1990eko hamarkadaren amaieran jarri zen abian, eta hiru etapatan zatitu daiteke.

Lehenengo fasean (2000-2004), arlo anitzeko profesional talde batek “Añanako Gatz Haranaren Leheneratze Integralerako Plan Zuzentzailea” egin zuen, ondare materiala eta ez materiala dokumentatu eta ikertzeko eta zuzentarauak ezartzeko Gatz Haranari etorkizun bat emate aldera. Bigarren etapan (2005-2008) abian jarri ziren Plan Zuzentzailean jasotako jarduketetariko batzuk, baina, batez ere, gatzagaren etorkizuneko kudeaketaren oinarriak ezarri ziren.

Hirugarren etapa 2009. urtean hasi zen, Añanako Gatz Harana Fundazioa eratu zenean. Erakunde horren ardura da Gatz Harana kudeatzea, leheneratzea eta haren balioa agerian jartzea.

Fundazioak hiru helburu handi izan ditu harrezkero: paisaiaren kultura materiala eta ingurumenekoa berreskuratu eta zaintzea, gatzagen iraunkortasuna bermatzeko; teknika tradizionalak erabiliz, modu iraunkorrean eta gatz egileen antzina-antzinako jakituria errespetatuz kalitate handiko gatza ekoiztea, zeinaren salmenta laguntzen ari baita proiektuaren autofinantzaketan; eta, herritarrei irekitako leheneratze planteamenduarekin, kultura eta turismo ekimenak gauzatzea, eskualdeko gizarte, ekonomia eta turismoaren garapenaren motor izaten ari baitira. Fundazioak bere hastapenetatik jakin du bere helburua ezin zela Gatz Haranera mugatu, aitzitik, askoz harantzago joan behar zuela. Hainbat urtetako lanaren ostean, honezkero frogatuta dago Kudeaketa Planean (2000-2004 aldirako Plan Zuzentzailearen gidalerroak 2013an eguneratu dituen dokumentua) ezarritako ibilbidea eginda Gatz Harana giltzarri bihurtu dela Arabako eta EAEko turismoa, kultura, ekonomia eta gizartea dinamizatzeko.

Epe luzeko jarduketa egutegiarekin, Añanako Gatz Harana Fundazioak herritarrei irekitako hainbat ekintza ere bultzatzen ditu, gizartearen, eginkizunen eta paisaiaren ikuspuntutik. Aldi berean ikerketak ere garatzen ditu; eraikuntza eta ekoizpen sistema tradizionalak errespetatzen eta hedatzen ditu; eta beste baliabide batzuk indartzen ditu, munduan parekorik ez duen paisaia kultural honen balioa nabarmentzen laguntzen dutenak, modu koordinatuan jardunez.

Oroitzapen ekitaldiak

Gatz Haranaren agenda beteta egongo da uztailean; izan ere, uztailaren 22an beste hitzordu bat izango da, gatz uztaren hasiera ekitaldia izango baita izardun sukaldari batekin. Uzta hori irailean amaituko da Gatzagak gazgile elkarteak antolatutako ekitaldi batekin. Gazgileek komunitateko beste “Jaun” bat izendatuko dute.

Baina ekitaldi horiez gain, beste hainbat berritasun ere egongo dira, adibidez, toki horretako web orriaren birmoldaketa (www.vallesalado.eus) edo Historia de la Comunidad de Caballeros Herederos de las Reales Salinas de Añana liburuaren aurkezpena.

Haraneko produktu izarrak ere izango du garrantzia urteurrenaren ospakizunetan. Fundazioak “Kutxa Beltza” packaginga berrituko du. Jasangarritasunaren aldeko beste ekintza bat, horixe baita Fundazioaren lan filosofia gatzagen etorkizuna ziurtatzeko. Kartoizko ontzi batzuk sortuko dira, jasangarriagoak, eta gatzontzi gisa erabiliko dira, eta, hala, barruan zeuzkaten plastikozko poltsak kentzen dira. Gainera, Añanako Gatzaren Kultxa Beltza bildumak edizio berezi eta bakar bat izango du. 2019 alekoa izango da eta antzinako ekoizpen sistemekin XIII. mendeko larrainetan egin den “Erdi Aroko gatza” izango du.