BILBO. Andrea Motis (1995, Bartzelona) zazpi urte zituela hasi zen Motis tronpeta jotzen eta hamar urterekin jazza ikasteari ekin zion Sant Andreuko Musika Eskolan, Joan Chamorroren eskutik. Sant Andreu Jazz Bandako kidea izan zen bederatzi urtez, eta tarte horretan zortzi disko grabatu zituen eta maila handiko musikariekin batera jo zuen (Wycliffe Gordon tronbonista, Jesse Davis saxofonista, Bobby Gordon klarinetista eta Dick Oattas saxofonistarekin, besteak beste).

2010ean, 14 urte zituelarik, Joan Chamorro Presenta Andrea Motis diskoa grabatu zuen. Lan horretan multi-instrumentista gisa eta, bereziki, kantari gisa agertu zen; hala, esan liteke bere ahotsa nabarmendu zela diskoan. Handik urtebetera, Peraladako Jazz Jaialdian hartu zuen parte, Quincy Jones handiarekin batera joz eta abestuz.

Motisek abesteko modu berria eskaini dio jazzari, modu sentikorra; gainera, gaztea izanik ere, oso bereizgarria eta heldua den ahots-tinbrea du. Bestalde, ezin ahantz daiteke instrumentista ere aritzen dela. Izan ere, hainbat artistaren eraginak ditu (Armstrong, Hacket, Gillespie, eta garaikideagoak diren Parker, Konitz eta, kantari gisa, Ella Fitzgerald edo Billie Holiday). Jazzwoman bihurtu da, eta ahotsa, tronpeta nahiz saxoak dira bere adierazpideak. Joan Chamorro baxu jotzailearekin batera kritikak txalotutako sei disko kaleratu ostean, 2017an bakarka egin zuen debuta Impulse! Records ekoiztetxearen eskutik, Emotional Dance izeneko albumarekin.

Talde Lehiaketan, Claudio Jr. De Rosa saxofonista, klarinetista eta musikagilearen laukotea jardungo da. Talde gazte horretan Italia, Espainia eta Letoniako musikariak bildu dira. Bestalde, “Hirugarren milurtekoa” atalean Kontxi Lorente Trío arituko da. Piano, kontrabaxu eta bateriaz osatutako hirukote horrek jazz pertsonal eta intimistaren aldeko apustua egin du, hardbop estiloan estiloa oinarri hartuta.

Erakusketak

Jazzaldia dela eta, uztailaren 21era arte, “Jazz: Henry Matisse” erakusketa hartuko du, margolari frantziar ospetsuaren “Jazz” liburuaren inguruan. Bestalde, Algortako Kultur Etxeko erakustaretoan Enrique Crespo argazkilariaren lana izango da ikusgai, “Va de jazz” izeneko erakusketan.