BILBO. Obabakoak, Arriagak ekoiztutako Calixto Bieitoren antzezlea, euskaraz eskainiko da Stuttgarteko Antzoki Nazionalean datorren larunbatean. Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta alemanierazko azpi-tituluak izango ditu ikus-entzuleek mamia uler dezaten.

Horrez gain, emanaldiaren aurretik, (18:00etan), Calixto Bieitok eta Bernardo Atxagak Obabakoak lanari buruzko solasaldi interesgarria eskainiko dute. Bertan, iritziak trukatu eta jatorrizko eleberriarekin eta antzerkirako egokitzapenarekin erlazionatutako hainbat alderditan sakonduko dute.

Obabakoak izan zen 2017-2018 denboraldiko Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan nagusia. Calixto Bieitok, eleberria muntaketa eszenikora moldatzeaz gain, antzezlana ere zuzentzen du. Erabateko Estreinaldia Arriaga Antzokian egin zen, euskaraz (2017ko urria) eta gaztelaniaz (2017ko azaroa).

Obabakoak zuzentzean, eszena zuzendari ospetsu eta halaber Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoa ere badenak, nazioartean arrakasta gehien lortu duen eta hizkuntza askotara itzuli den euskarazko liburuaren arnas poetikoa eszenara eramatearen erronka hartu du bere gain. Bilboko Udalaren bultzada eta BBKren laguntza berezia duen Arriaga Antzokiaren ekoizpen lan hau, oso kultur gertakari garrantzitsua izan zen Euskadin, izan ere, Obabakoak euskal literaturak eman duen lan nagusia da, eta horri esker Atxagak aintzatespen garrantzitsuak jaso zituen, Euskadi Saria edo Espainiako Narrazio Sari Nazionala, besteak beste.

11 euskal antzezle, batzuk eszenako erreferente direnak, eta beste batzuk talentu bikaina duten gazteak, antzezlana gainditzen duen eta zentzumen anitzeko esperientzia bilakatzen den ikuskizunari forma ematen diote, hainbat ahotsen bitartez eraikitako poema sinfoniko multimedia. Ahots horiek Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Idoia Merodio, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga antzezleenak dira. Jatorrizko antzezle-taldean Gurutze Beitia zegoen baina agenda arazoak bitarte ezingo du Stuttgarten bere papera bete eta bere ordez Idoia Merodio antzezleak egingo du.

Inork zalantzan jartzen ez duen Atxagaren testuaren edertasunari oso elementu indartsuak gehitzen dizkio Obabakoak lanaren moldaketa honek, Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezko proiekzioak adibidez. Haiei esker, Derendingerrek Bideo Diseinurik Onenaren saria jaso zuen Katalunian, XX Premis de la Crítica de les Arts Escèniques delakoetan. Halaber, aipagarriak dira musika eta ahots moldaketak, mota guztietako beste soinuen artean (lan horretan Carlos Imaz maisuak egindakoa azpimarratu behar da). Hori guztia, Susanne Gschwenderrek zuzendutako oso eszenografia bitxiaren eta funtzionalaren barruan gauzatuko da.

Calixto Bieitoren gogoetak

Calixto Bieitok berak, Obabakoak lanari dagokionez, hau azaldu du: “moldaketa libre, baina Bernardo Atxagaren eta bere Obabaren izpirituaz beteta dagoen honetan, pertsonaiak maitasunez, desioz, oroimenez, beldurrez eta zalantzez betetako giza-paisaia gisa agertzen dira. Freud izena gure hiztegian ez zegoen haurtzaroko urruneko mundu primitibo hartan gertatzen diren istorioak. Fantasiaz, bisioz, oroimenaren gaueko, gure izaerako, txoko ezkutuenetan ezkutatutako irudiz osatutako unibertsoa.

Eleberrian bertan jasotzen denez, ipuin onak, funtsezko gaiak lantzen dituztenak dira, maitasuna eta heriotza besteak beste, eta nik erokeria ere gehituko nuke, egiazkoa edo irudimenezkoa. Eta erokeria horretan, Atxaga Robert Walser paseatzailearekin elkartzen da. Izan ere, Obabakoak lana eszenara eramateko ideia Bernardorekin berarekin eta Andoni Olivares adiskidearekin gauzatu zen Asteasuko behe-laino artean. Dena eleberri eder eta liluragarri honetan dago. Gu eramaten utzi diegu hitzei, irudiei eta gure esperientziei, etengabe doan ibai hura bezala. Obabakoak konposizio poetikoa, bisuala eta fisikoa izango da, eta animaliak gizakiekin nahastuko dira, eta basoak gure zentzumenekin».

Obabakoak - bira

Obabakoak euskaraz estreinatu zen Arriaga Antzokian 2017ko urriaren 18tik 21era. Hurrengo astean, urriaren 25etik 29ra, lana Bartzelonara heldu zen, Teatre Lliurera, bost emanaldi eskaintzeko, euskaraz, katalanezko azpi-tituluekin. 2017ko azaroan jadanik, obrak Santurtzi (Serantes Kultur Aretoa, azaroak 9) eta Vitoria-Gasteiz (Principal Antzokia, azaroak 14) bisitatu zituen. Azaroan bertan izan zen gaztelaniazko estreinaldia Arriaga Antzokian. Eta abenduan, Obabakoak lanaren euskarazko bertsioa Donostian ikusi ahal izan zen (Victoria Eugenia, abenduak 20 eta 21).

2018an, urriaren 25etik 28ra, Obabakoak Madrilgo CDNra heldu zen, Valle-Inclán Antzokira, non euskarazko emanaldi bat eta gaztelaniazko hiru eskaini ziren. Orain, Obabakoak Alemaniara doa, Stuttgartera hain zuzen ere, asteburu honetan, larunbata ekainaren 29an, obraren euskarazko saio bat erakusteko.