bilbo - XVIII. mendearen hasieran, euskal eliteek euskara ezagutu eta menderatzen zuten, eta familia zein lagun eremutik harago erabiltzen zuten. Eusko Jaurlaritzak, hori erakusten duen eta euskararen historia sozialari zein gizarte mailaren informazio berria dakarren funtsa aurkitu du. Artxibo hori Joaquín Ignacio de Barrenechearen korresponden-tzia diplomatikoa da, eta honetan, Vianako Markesak Barrenechea berari (Portuko Markesa), eta Felipe V.aren Estatu Idazkari Juan Bautista de Orendaini igorritako euskarazko eskutitzak aurki daitezke.

“Batzuetan gaztelerazko eskutitz baten barruan zerbait gehitzeko edo argitzeko jomugarekin agertzen den euskarazko esaldia agertzen da. Beste batzuetan, zenbait paragrafo dira, eta kasu batzuetan ere osotasunean euskaraz idatzitako eskutitzak daude, gaztelerazko zenbait pasarterekin”, azaldu zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Berarekin batera, Borja Aguinagalde Artxiboko zuzendaria eta Koldo Ulibarri Euskal Filologian doktorea izan ziren atzo goizean Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan, aurkitutako ondarearen nondik norakoak jorratuz.

Aurkitutakoak Portuko Markesa bere ingurunean kokatu eta Europako diplomaziarekin izan zuen korrespondentzia aztertzeko aukera ematen du. Bere karrera diplomatikoan, Barrenechea Felipe V.aren gertuko ingurunetik ibili zen. Izan ere, bere Despatxuko idazkaria zen Juan Bautista de Orendain y Azpilicuetaren gipuzkoarraren babesa zeukan, eta Aguinagalderen arabera, “tandem bat eratu zuten, zenbait urtez, Europako harreman diplomatikoetako gai garrantzitsuenetan parte hartuz”. Testuinguru horretan, euskarazko erreferentziak. “Testigantza honek izugarrizko balioa du euskararen erabilera sozialen historia ezagutzeko boterearen esfera gorenetan”, gehitu zuen Aguinagaldek.

Orotara 23 liburuki dira, Barrenecheak berak antolatuak, foliatuak eta sailkatuak, eta 11.880 folio biltzen dituzte. Korrespondentzia horren baitan, euskarazko materiala 19. liburukian aurki daiteke, momentura arte aurkitu diren 16 gutunen artean banatuta. Hasieran esan bezala, Austriatik José de Vianak idatzitako gutun pertsonalak eta dokumentu diplomatiko originalak dira. Gutun horietatik hurrengo ondorioa atera da: XVIII. mende hasierako euskararen kanpo historia aztertu behar da berriz. “Ikusten dugunez Espainiako Gorteko eliteek euskara erabiltzen dute beren eguneroko jardunean, Euskal Herritik kanpo egon arren. Eta Aita Larramendik eta Peñafloridako Kondeak beren proiektuei ekin aurretik”, adierazi zuen Koldo Ulibarrik.

Gutunen idazlea, hots Viana, Arabako familia bateko kidea zen, euskara esparruan inorena ez den lur batean alegia. Izan ere, ikuspegi linguistikotik Araba leku berezia izan zen, ez zegoelako berezko euskalkirik. Halaber, bizkaiera eta gipuzkera uztartzen ziren eta hori eskuizkribuetan islatzen da. “Adibide konkretu bat ematearren, testuetan dot zein det aurki daitezke, orduan hori da espero duguna Arabako euskaran. Gainera, ez dakigu ondo zergatik, baina bai ikusten zaio Gipuzkoaren aldeko gauza bat”, berretsi zuen Ulibarrik.

Erabilitako euskara gipuzkeratik gertuago dagoen horretan, ez dira berez “euskarazko testuak”, kode txandakatze etengabeak ematen direlako. Hau da, euskarazko esaldietan erdarazko esapideak ikus daitezkeen moduan, erdarazko esaldietan berdina gertatzen da. Hortaz, egungo euskaldunaren hitz egiteko erara gerturatzen da, euskara erderarekin tartekatuz. “Bagenituen horren adibideak Zuberoan eta Lapurdi inguruan, baina hemen hegoaldean ez genuen halako lekukotasunik”, aintzatetsi zuen Ulibarrik.

Lekuko berriak aurkitzeko gai izango al dira etorkizunean?