Bilbo - Etxepare Euskal Institutuak, Dance Base Eskoziako Dantza Zentro Nazionalak eta Atlantikaldia jaialdiak sustatutako Atlantik 1050 izenburuko kaleko ikuskizuna datorren abuztuan estreinatuko da, Edinburgoko Fringe jaialdian, eta irailean Errenteriako Atlantikaldia jaialdian aurkeztuko da. Euskal eta eskoziar dantza tradizionalak uztartuko dituen ikuskizunaren ardatza itsasoa izango da.

Atlantik 1050 atzo aurkeztu zuten, Errenteriako Niessen Kulturgunean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Julen Mendoza Errenteriako jarduneko alkateak, Iker Tolosa Atlantikaldiaren zuzendariak eta Jen Wren, Amy Geddes eta Alain Maya proiektuaren arduradunek.

Jen Wren koregrafoa, Amy Geddes musikaria eta Alain Maya dantzari eta koreografoa dira egitasmoaren arduradunak, eta aste honetan elkarlanean dihardute Euskal Herrian, ekimenaren lehen urratsa emanez.

Agerraldian azaldu zutenez, 2019an euskal zein eskoziar kultura, artea eta hizkuntzak oinarri hartuta bi herrien arteko harremanak sendotzeko, Etxepare Euskal Institutuak garatutako #ScotlandGoesBasque ekimenaren hurrengo mugarrietako bat izango da Atlantik 1050. Ikuskizunak itsasoa du bi kulturen arteko lokailu eta joan-etorriko bidaia gisa planteatu da: abuztuan Edinburgoko Fringe jaialdian estreinatuko da, eta irailean, berriz, Atlantikaldian izango da.

Modu honetan, ziurtatu zuten ekimenak “bikain” islatzen duela #ScotlandGoesBasque proiektuaren asmoa: euskara eta euskal kultura Eskoziara eraman ez ezik, iragana eta gaurkotasuna aintzat hartuta bi kulturen arteko uztarketa bultzatu nahi da, elkarri aberasgarri gerta dakizkieken ekimenak bideratu eta bi herrialdeetako kultur eragile zein sortzaileen arteko harremanak sustatuz. - E.P