BILBO. 'La línea invisible' telesailaren grabaketa Bilbon hasiko da bihar. Ezin izango da Unamuno plazara sartu Askao, ezta ere Prim eta Iturribide kaleetara. Kaleak ibilgailuentzat moztuko dira 12:30etatik osteguneko 03:00ak arte. Bestalde, Alde Zaharreko beste toki batzuetan ere, tarteka, ezin izango dira oinezkoak ibili.

Hauexek dira Bilboko beste leku batzuetan egingo diren gainerako grabaketak: ekainaren 26an, Olabarri jauregian; uztailaren 25ean, Bilbo Zaharrean; uztailaren 31n, Indautxun, eta abuztuaren 6an, Areatzan, Montevideo etorbidean eta Sarrikon.

Movistar+ arduratuko da ekoizpenaz, Sentido Films y Corte y Confección de Películas delakoaren laguntzarekin. Sailak sei kapitulu izango ditu, eta, besteak beste, hauexek izango dira protagonistak: Alex Monner, Antonio de la Torre, Anna Castillo, Asier Etxeandia eta Ramón Barea.

Abel García Roure-ren ideia original bat da, eta Mariano Barrosok zuzenduko du. ETAren jatorria da sailaren gai nagusia. Hain zuzen ere, 1968. urtean hasiko da saila, Txabi Etxebarrieta ETAko kideak “lerro ikusezina” lehenengoz gurutzatzeko erabakia hartu zuenean, indarkeria armatuari ekiteko erabakia, alegia. Orduan hil zuten Galiziako José Antonio Pardines guardia zibila. Ordu gutxi batzuk geroago, Txabi Etxebarrieta hil zuten guardia zibilarekin izandako tiroketan.