BILBO. Etxepareko diru laguntzak eskatzeko epea irekita dago. Etxeparek euskal kultura nazioartean sustatzea erabaki du 580.000 euroko diru laguntzarekin. Diru laguntzaren helburua hau da: euskal kultura zabaltzea, literatura itzultzea eta arte azoketan parte hartzea.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) bere hiru diru laguntza deialdi argitaratu zituen pasa den astean eta, horrela, eskaerak egiteko epea jada zabaldu da: euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru laguntzak, euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko jarduerak burutzekoak eta literatura itzulpenak egitekoak. Laguntza hauen xedea da adierazpen eta modalitate ezberdinetan euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea da.

Horrela, euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru-laguntzak izango dira 2019an jaialdi edo kultur jarduera zehatzetan parte hartzeko bidaia gastuak, muntaia gastuak, eszenografia edo materialen garraioa, ostatua eta dietak ordaintzeko; birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak edo egonaldi proiektuak izan daitezke ekintza zehatzak.

Diziplina artistikoaren arabera, lau prozeduratan banatuko dira, eta guztira 360.000 euroko zuzkidura dute: antzerkia 130.000 euro, musika 125.000 euro, dantza 45.000 eta arte plastikoak eta ikusizkoak 60.000 euro (azken bietan azken urtean baino 5.000na euro gehiago). Diru laguntzak eskatzeko epea ekainaren 10era arte egongo da irekita.

Hain zuzen, ekainaren 10ean itxiko da euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko jarduerak burutzeko diru laguntzen deialdian izena emateko epea ere. Deialdiaren helburua da profesionalak ez diren nazioarteko kultur jarduerak sustatzea, Etxepare Institutuaren ohiko deialdien babesean diru laguntzarik jaso ezin dutenak. 30.000 euro bideratu dira horretarako.

ITZULPENGINTZA

Bestalde, 2018ko diru laguntzei esker 15 itzulpen egin ostean, aurten beste 39.000 eurorekin sustatuko dira literatur itzulpenak. Bi itzulpen jarduera lagunduko dira: jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanak edozein hizkuntzatara itzultzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatur lanak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea. Epea ekainaren 10ean amaituko da kasu honetan ere.

Beste bi diru laguntza deialdi ere zabalik dira: alde batetik, zinema eta literatura arloko sortzaile eta eragileentzako bidaia poltsen deialdia, nazioartean hitzaldi, topaketa edo ekitaldietan parte hartu ahal izateko bidaia gastuak, ostatua eta dietak ordaintzea helburu duena (20.000 euro), eta, bestetik, 36.000 euroko zuzkidura duen nazioarteko arte azoketan parte hartzeko diru laguntzak (arte azoketan stand-ak alokatzeko).

Azkenik, ekainean zehar argitaratuko dira ikus-entzunezkoen, arte eszenikoen, liburuen eta musikaren alorreko nazioarteko azoketan parte hartzeko diru laguntzak (90.000 euro).

Diru laguntza hauek guztiak EAEn errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio hitza euskara denean, sozietate egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere.

Pertsona juridikoak behartuta egongo dira eskabidea modu elektronikoan egitera Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. Pertsona fisikoak aldiz eskabidea modu presentzialean egiteko aukera ere izango dute.