BILBO. Telmo Esnalen "Dantza" filma Amerikako Estatu Batuetako bederatzi hiritan izango da ikusgai apirilean eta maiatzean. Ekintza hau posiblea izango da Txintxua Films ekoiztetxeak eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzari esker.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, aste honetan Argentinan ikusgai izan ondoren, AEBetako bira igandean hasiko da, apirilaren 28an, Seattle hirian (Washington), maiatzaren 1ean jarraituko du, Ontarion (Oregon), eta biharamunean Boisen (Idaho) izango da "Dantza" ikusteko aukera.

Boisetik Kaliforniara igaroko da Esnalen azken lana: San Frantziskon maiatzaren 3an, Chinon 5ean eta Los Angelesen 6an. Gainera, maiatzaren 9an Renon (Nevada) proiektatuko da, 11an New Yorken eta 17an Washingtonen. AEBetako hiriburuko emanaldiarekin amaituko du bira.

Etxepare Euskal Institutuaren elkarlanari eta AEBetako Euskal Etxeetako koordinazio lanari esker izan da posible bira antolatzea. Gainera, biran zehar, Telmo Esnal zuzendariaren eta Gari Otamendi dantzari protagonistaren aurkezpenak eta solasaldiak ikusi ahal izango dira.

"Dantza" tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat, eta asmo handiko sormen apustu handia egin du Esnalek filman. Koldobika Jauregi artistak zuzendu du bertan islatzen den unibertso estetiko eta bisuala, eta Juan Antonio Urbeltz ikertzaile eta folkloristak izan du koreografiak koordinatzeko eta ikuskatzeko eginkizuna.

Filma iazko Donostia Zinemaldian estreinatu zen, eta pasa berri den Naonedeko Zinemaldian hasi zuen nazioarteko bira, non ikuslegoaren oso harrera ona jaso zuen. Datozen hilabeteetan "Dantza" filmak nazioarteko beste hainbat jaialditan hartuko du parte.