BILBAO. Bilbao Arte Sakratua jaialdiaren barruan Singer Pur eta David Orlowsky klarinete-jolearen ‘Jeremiah’ proiektua aurkeztuko da. Hau jaialdiaren bosgarren kontzertua izango da eta bihar gaueko 20:00etan ospatuko da.

Jeremiah lana Singer Pur-en eta David Orlowsky klarinete-jolearen proiektu bat da, bere CDarekin Echo Klassik saria irabazi zuena 2011n. Proiektu honetan sinbiosi miragarrian txirikordatzen dira Errenazimenduko musika liluragarria eta klarinetearen interpretazio poetikoa. Proiektuaren egileek helburutzat hartu zuten omenaldi bat egitea Errenazimenduko eliz polifoniako konpositore handiei, Palestrina eredugarriari eta Gesualdo ausartari. Eta interpreteek bidea ireki zioten interpretazio historiko puristari eta inprobisazioari. Iturriek gure egunetaraino helarazi duten hori Singer Pur-ek abesten duen bitartean, David Orlowsky-k sigi-sagaka darabil bere klarinetea testuraren kanpotik eta barrutik, batzuetan Matan Porat-ek konposatutako inprobisazioan.

“Regensburger Domspatzen” eskolaniako bost kide ohik sortu zuten Singer Pur 1991n, ikasketak bukatu eta handik oso gutxira. Hiru urte geroago, seikote bihurturik (soprano bat, hiru tenor, baritono bat eta baxu bat), lehen saria irabazi zuten “Deutscher Musikwettbewerb” lehiaketan eta urtebete geroago, ahots-taldeen “Grand Prix” saria irabazi zuten Tampere-ko Nazioarteko Musika Jaialdian. Irrati eta telebistako agerraldiek, CD grabaketek eta 60 herrialdetako jaialdi garrantzitsuetatik jasotako gonbitek aupatu dute beren nazioarteko karrera.

SARREREN SALMENTA

Sarrerak 5 eurotan salduko dira Bilbao 700 Fundazioaren bulegoan (Zabalgune plaza 11, 1. solairua), eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 17:30era, astelehenetik ostiralera. Eserlekurik libre geldituko balitz posible izango litzateke sarrerak erostea emanaldiaren egunean bertan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik.