BILBO. “Ghost, el musical” Euskalduna Jauregian izango da abuztuaren 21etik irailaren 7ra. Antzezlanaren estreinaldia izango da Estatu mailan.

Ekoizpena, nazioartean proiekzio handia duen eta aurten hamargarren urteurrena betetzen duen Bizkaiko LETSGO ekoiztetxearena da. “GHOST, el musical” abuztuaren 21etik irailaren 7ra egongo da karteldegian.

Ikuskizuna

“GHOST el musical”, Bruce Joel Rubinen libretoa eta letrak eta Dave Stewarten eta Glen Ballarden musika eta letrak dituen ikuskizuna da. 1990ean Oscar sariak irabazi zituen GHOST erromantikoa zine aretoetara eraman zuen ParamountPictures-en hit-ean oinarrituta, hura ere Bruce Joel Rubinek idatzitakoa, argumentua, Samen eta Mollyren arteko harremanean oinarritzen da, bizitza honetako harremanean eta bikoteak kalean jasandako eraso baten ondorioz baita Sam hil ondorengo harremanean ere. Sam ez da Mollyren bizitzatik desagertuko, mundu honen eta beste munduaren artean harrapatuta geratuko da. Molly, berak jakin barik, arriskuan dago. Harritzekoa bada ere, Oda Mae Brown mediuma gai da Sami Mollyrekin harremanetan jartzen laguntzeko, arriskuaren berri emateko.

GHOST, musikala, lanaren mundu mailako estreinaldia Manchester Opera House izenekoan izan zen, 2011ko martxoan. Urte horretan bertan denboraldia egin zuen Londreseko West End aretoan. Ordutik, ikuskizunak ibilbide bikaina izan du nazioartean: 2012an Broadwayn egon zen; 2013an Hego Korean, Erresuma Batuan eta Hungarian; 2014an bira egin zuen Estatu Batuetatik, eta Italian, Filipinetan eta Alemanian ere egon zen; 2015ean Txinan, Singapurren eta Taiwanen gozatu ahal izan zuten GHOST, musikalarekin; 2016an Australian eta Brasilen; 2017an ikuskizunak Austria, Errusia eta Alemania bisitatu zituen; 2018an Suedian, berriro ere Brasilen, Frantzian, Japonian eta Alemaniara itzuli zen. Laburbilduz, 18 herrialdek eta 3 kontinentek txalotu dute orain, Estatuko estreinaldirako, Euskalduna Jauregira helduko den ikuskizuna. Bilboko emanaldien ondoren, “GHOST, el musical” lanak denboraldia egingo du Madrilgo EDP Gran Vía Antzokian.

Ingalaterrako ekoizpen lanak 5 Laurence Olivier sarirako eta beste What’s On Stage 5erako izendapena lortu zuen, eta horietatik Gizonezko Antzezle onenaren saria lortu zuen. Broadwayn Tony sarietarako 3 izendapen lortu zituen, eszenografiarako Drama Desk Award, Drama League Award izenekoetarako izendapen bat eta Outer Critics Circle izenekoetarako izendapen bi, eta horietatik batek argien diseinuaren saria lortu zuen.

Sinopsia

Ghost, Sam eta Molly protagonista dituen betiereko maitasun kontakizuna da. Lapur batek mutila hiltzen duenean zoriona amaitzen zaien maitemindu bikotea dira. Samen izpirituak ez ditu bizien mundua eta bere maitea utzi gura. Mollyren bizia salbatu beharraren ondorioz, mutila bertan geratuko da mamu bilakatuta, neskak bizi duen arriskuaz ohartarazteko.

Bien arteko harremanerako modu bakarra, mutilarekin komunika daitekeen igarle bitxia da.

Sarrerak salgai daude jada www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste kanaletan. Sarreren prezioa: 30 euro gehi kudeaketa gastuak.