Gernika-LUmo - George Lowther Steer (East London, Hegoafrika, 1909an-Fagu, India, 1944an) kazetariak badu Gernika-Lumon bere omenezko eskultura, 2006an jarria. Txoko propioa du udalerrian, The Times eta The New York Times egunkarietara bidalitako kroniken bitartez 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketa munduan zehar lau haizeetara hedatu zuen berriemailea izan zelako. Hala ere, bere memoriaren ezagutzan eta Guda Zibilaren jakintzan sakontzen lagungarri izan daitekeen The tree of Gernika-A fiel study of modern war liburua ez da bere osotasunean euskal hiztunen esku izan. Orain arte. Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat izenburupean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkun-tza sailak saiakeraren euskarazko bertsioa aurkeztu zuen atzo, Gernikako Batzarretxean egindako ekitaldian.

Gernikan iragandako sarraskiaren berebiziko testigantza laga zuen Steerek, baita orain dela zortzi hamarkadako Euskal Herrian ikusitako gertaerekin zipriztindutako saiakera ospetsua. Gudaren krudelkeria azaleratu zuen bere kazetaritza kroniketatik zein 1938an argitaratu zen liburutik. Garaiko oztopoetatik haratago joanda, egiz jositako albistez eta frankismoak ezarritako gezur ofizialak irmoki ezeztatuz, 1936ko udaran Gipuzkoara iritsi zenetik Bilboko erorialdira artean bizitakoen bozeramaile nagusienetako izan zen, guda frontean berriemaile aritu ziren orduko beste kazetarien egin zuten bezala. Steeren testigantza, hala ere, erabakiorra izan zen Gernika ikur unibertsala bihur zedin. Hala adierazi zuten atzo, Gernikako arbola. Gerra modernoaren landa-azterketa bat liburuaren aurkezpenean aritu zirenak. Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente, Ana Otadui; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu, Bingen Zupiria; Gernika-Lumoko alkate, José María Gorroño, eta hitzaurreen egile, Nicholas Rankin eta Mikel Ayestaran izan ziren hizlari. Liburuaren bertsio digitala eLiburutegian izango da eskuragarri.

Steerren lan entzutetsuaren seigarren edizioa da atzo Eusko Jaurlaritzak aurkeztutakoa. “The tree of Guernica. A fiel study of modern war lanaren bi edizioen eta frankismoaren garaian erbesteratutako zenbait euskaldunek Venezuelan bultzatu zuten El árbol de Guernica. Ensayo sobre la guerra moderna lanaren hiru edizioen ondotik baitator”, jakinarazi zutenez. Guztira 390 orrialdez osatua, eta jatorrizko saiakeraren irudi berberez konposatua -baita guda fronteko zenbait mapa erabiliz-, 2003an Euskadi Literatura sariaren jabe izan zen Koro Navarro itzultzaile donostiarrak euskaratu du. Aipagarria ere bada Ayestaran euskal kazetariak eta Steeren biografiaren egile den Rankin britaniarrak egindako ekarpena, Steeren figuraren ezagutzan sakontzen laguntzen dutelako.

Pasartez pasarte, Francoren Tercioa Irunen parean jarri zenetik hasita eta euskal miliziak Santoñan (Kantabria) ontziratu zirenera arte, Steerek hainbat datuz taxututako idazkia laga zuen. Pertsonaia askoren profila egin zuen, Jose Antonio Agirre lehendakaria tartean, baina baita herriz herri topatzen zituen bizilagunena ere. Durango, Gernika edo Bilboko bonbardaketek sortutako kalteak gordinki kontatu zituen, detailez borobilduta. “Erreferen-tziazko” lantzat jo zuen Zupiria sailburuak, “euskal bibliografiaren baitan, gure gizartearentzat garrantzia handia” duena. Gaineratu zuenez, “Steerrek ekarpen oso garrantzitsua egin zuen Gerra Zibilean zehar Euskadin gertatutakoa transmitituz, eta egiarekiko konpromiso irmoa agertu zuen: garai hartako fake news direlakoen aurka egin zuen. Edizio berri honek euskal gizartearen memoria demokratikoa berreskuratzen jarraitzen lagunduko du”.

memoria historikoa Otaduiren aburuz, “aurrerapauso bat eman dugu gure memoria historikoaren berreskuratzean. Kazetari aske eta konprometitua izan zen Steer, objektiboa izan nahi ez zuen kazetari zintzoa, egia azalaraztea lortu eta Gernika nazioarteko ikur bilakatzen lagunduko zuena”. Gorroño, bestetik, Steerek Gernikarekiko duen loturaz aritu zen, eta aurtengoan bere omenezko saria eskainiko dutela aurreratu zuen. Bere alboan zen Mikel Ayestaranek jasoko du, apirilaren 27an egingo den ekitaldian.

Rankini dagokionez, eta lehendabizi Steeren senitartekoek bidalitako gutun bat irakurri ostean, berriemailearen berri izan zuen garaia azalarazi zuen eta nola ekin zion bere biografia idazteari. “Gerra korrespontsal handia izan zen, egiak esaten zituena. Zintzoa zen”. Hainbat gudatan kazetari lanetan ibilia, Ayestaranek azkenik “Steeren lanak berehalako efektua” izan zuela nabarmendu zuen, “Erresuma Batuko agintarien begiak irekiz”. Horren adierazle dira “Guda Zibiletik ihes eginda Southamptonera joandako 4.000 euskal umeak”.