BILBO. Elena Odriozola, ilustratzaile donostiarra, Andersen Sarietarako hautagaia izango da. Bi hautagai aurkezten dira sari honetara, bata ilustratzailea eta bestea idazlea . Idazleen atalean Jordi Sierra i Fabra kataluniarra da hautagaia.

Ordezkari hauek aurkezteko ardura lurraldeka doa: Galtzagorrik euskal hautagai bat aurkezten du, ondoren, estatuko lau hizkuntzetako haur literatura elkarteek osatzen duten OEPLIk bat aukera dezan, honek Estatua ordezka dezan Andersen Sarietan. 2018. urtean bezala, ilustratzaile alorrean Odriozola izan da hautatua, eta Etxepare Institutuaren babesari esker aurkezteko aukera izango du; idazleen atalean Jordi Sierra i Fabra kataluniarra izango da hautagaia, Ramon Llull Institutuaren babesari esker.

OEPLI IBBYk Espainiar Estatuan duen ordezkaritza den bezala, beste zenbait herrialdetako elkarteek ere aurkeztuko dituzten euren hautagaiak. 1956. urtetik bi urtean behin ematen diren Andersen sarien irabazleak nazioarteko zenbait adituk osatutako epaimahaia batek erabakiko ditu. Irabazleak 2020ko Boloniako Azokan emango dira ezagutzera eta sariak IBBYk 2020an egingo duen Biltzarrean banatuko zaizkie.

Danimarkako Margrethe II erreginak babesten duen Hans Christian Andersen Saria mundu mailan haur eta gazte literaturari dagokion sari garrantzitsuenetako bat da, eta literatura genero honen baitan ibilbide oparoa izan duten idazle eta ilustratzaileak saritzea du helburu.

1995ean Jesus Mari Olaizola “Txiliku”-ren Agure jakagorria ilustratu zuenetik, 100 liburutik gora ilustratu ditu Elena Odriozolak (Donostia, 1967). Lan oparo honi esker, zenbait sari ere eskuratu ditu, besteak beste, 2015eko Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala, Bratislavako Ilustratzaileen Biurtekoaren “Urrezko Sagarra” Frankenstein lanari esker eta birritan Ilustrazio Euskadi Saria, 2009an Aplastamiento de las gotasekin eta 2013an Tropecista lanarekin.