DONOSTIA. Donostiak gaur emango dio hasiera bete Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdiaren 12. edizioari. Larunbatera arte luzatuko da (urtarrilak 12) hiriko hainbat egoitza hartuz 19 dokumental, hiru kontzertu, musikaren eta irudiaren inguruko mintegi bat eta zinema eta zuzeneko musika eskaintzeko. Antolatzaileek adierazi dute "ediziorik hausnartuena" izango dela.

Horrela, antolatzaileek esan bezala, jaialdiaren izaeraren eta norabidearen inguruko gogoeta sakona egin ostean, "ediziorik hausnartuena" izango da 12.a, eta "hitzordu erakargarria izaten eta aurrera egiten jarraitzeko moduko programazioa" osatu du.

Aurtengo edizioan, nazioartean dozena bat sari baino gehiago jaso dituzten 19 dokumental aurkeztuko ditu Dock of the Bay jaialdiaren programazioak. Filmak Trueba zinema aretoan eta Antzoki Zaharrean proiektatuko dira.

Sail Ofizialaren inguruan, jaialdiaren zuzendariak "formatu narratibo berrien garrantzia" nabarmendu du, bai eta "Bashaideak" eta "Lou" euskal dokumentalen estreinaldiak eta edizio honetan emakumezkoek egindako zinemak duen indarra ere. Zentzu horretan, "emakumeak musika dokumentalean duten rolaren aldarrikapena" egin du, eta gogorarazi du lehian dauden hiru filmek dutela emakume zuzendaria eta sei dokumentalek dutela emakume protagonista.

Dokumental Onenaren Saria, Publikoaren Saria eta Gipuzkoako Aldundiaren Saria eskuratzeko lehiatuko diren bederatzi pelikulez gain, Perfect Day sailak nazioarteko dokumental esanguratsuenak jasoko ditu. Zazpi film aurkeztuko dira, besteak beste, "Matangi, Maya, M.I.A.", "My Generation", "Rudeboys a story of Trojan Records", "Studio 54" eta "Camarón: Flamenco y Revolución".

Gainera, "Camarón" eta "M.I.A." lanek osatuko dute, Nacho Vegasen "Cantares de una revolución" dokumentalarekin batera, Children of the Revolution zeharkako saila.

Paint it Black atzerabegirako atalaren protagonista "Mientras el cuerpo aguante" (1982) filma izango da. Fernando Trueba zinemagileak Espainiako diktaduratik demokraziarako trantsizioaren garaian zuzendutako espainiar zinemaren kultuzko klasikoa da, Chicho Sánchez Ferlosio filosofoaren eta kantautore anarkistaren erretratua.

DOCK LIVE

Bestalde, Dock of the Bay jaialdiak Dock Live sail berria aurkeztuko du 12. edizioan, zuzeneko musika entzunez filmen proiekzioekin gozatzeko aukera emango duen atala. Tabakalerarekin eta Kultxa Kultur Klubarekin elkarlanean, Jatorrizko Soinu Banda zikloak zuzeneko musika eta proiekzioak batuko ditu: Sidney Lumet-en "The Hill" (1965) drama belikoa Elle Belga bikote asturiarrak sortutako musikarekin ikusi ahalko da, eta Maite Arroitajauregi Mursego konpositoreak Virginia García del Pinoren "Respirar Correr Mirar" ikus-entzunezko lanarentzat joko du.

Gainera, La Habitación Roja taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du taldeko abeslariak Norvegian duen bizitza bikoitza deskribatzen duen "In the Middle of Norway" film labur dokumentalaren proiekzioaren ondoren.

Ekitaldi paraleloen artean, Ikusle Berriak atalak musikari buruzko dokumentaletara eta zinemara gerturatuko ditu Gipuzkoako ikasle gazteak. Aurten, "I Used to be Normal: A Boyband Fangirl Story" film dibertigarriaz gozatuko dute, neska gazte eta emakume talde batek Backstreet Boys, Take That edo One Direction gisako boyband taldeei dieten maitasuna islatzen duen dokumentala.

Dokumentalez gain, filmen analisiak ere lekua izango du, diskurtso likidoen garaian kontakizunak duen egokitasuna aztertuko duen "Musika, irudia, kontakizuna" izeneko mintegian. Mintegia Tabakalerako Z aretoan egingo da, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailaren eta Donostiako Sustapenaren babesari esker. Amaitzeko, musika ez da faltako jaialdiari jai giroa emateko, Dabadaban Dabadock! saioekin: King Khan and Bbq Show taldearen kontzertua eta jaialdi amaierako festa, Sugar & Spice, Miqui Puig eta Arbi Squas disko jartzaileekin. Horrez gain, Convent Garden aretoko Kriptan ospatuko den Keler Dock jaiak Axel Casas Donostiako disko jartzailearen emanaldia hartuko du.