DONOSTIA. 25 urte ezkonduta eman ondoren, krisialdiak jo eta banandu egingo den bikote batean ardaztuta dago filma. Maitasunari, desioari eta denboraren joanari buruzko gogoeta egingo dute bikotekide ohiek.
Mercedes Morán (Villa Dolores, Argentina, 1955) Latinoamerikako zinemagile garrantzitsuenetako batzuekin aritu da lanean: Lucrecia Martel, Juan José Campanella, Walter Salles, Ana Katz (Los Marziano, 2011ko Sail Ofiziala) eta Pablo Larraín-ekin, besteak beste. Sueño Florianópolis filmean egindako lanagatik emakumezko aktore onenaren saria jaso du aurten Karlovy Varyko zinema jaialdian.
'El ángel' ere estreinatu du 2018an, Cannesko zinema jaialdiko 'Un Certain Regard' sailean aurkeztua, zeina Perlak sailean proiektatuko den.
Bere aldetik, Ricardo Darín (Buenos Aires, 1957) Latinoamerikako aktorerik ospetsuenetako bat da. Donostia saria jaso zuen iaz, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Zinemagile handiekin egin du lan; besteak beste, Adolfo Aristarain, Juan José Campanella, Fabián Bielinsky, Fernando Trueba, Trapero, Cesc Gay eta Santiago Mitre-rekin.
Azken bi hamarkada hauetan egin dituen filmetako asko ikusgai egon dira Donostia Zinemaldian; izan ere, lau aldiz lehiatu da Darín Sail Ofizialean, epaimahaikide ofiziala izan zen 2012an, eta, Donostia sariaz gain -'La cordillera' filma proiektatzearekin bat-, gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen, ex aequo Javier Cámara-rekin batera, 'Truman' filmagatik, bai eta Europako Film Onenaren Publikoaren Saria ere, Relatos Salvajes filmagatik.