BILBO. "Grufaloa" filma euskaraz egongo da ikusgai zinema aretoetan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Zineuskadi plataformaren bidez sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, Julia Donaldson idazlearen "Grufaloa" obraren zinemarako moldaketa ikusi ahal izango da Euskadiko zenbait zinema aretotan ostiral honetan, maiatzaren 18an. Mundu osoan liburuaren 13 milioi ale saldu dira. Zineuskadik jakinarazi duenez, zinemarako egindako egokitzapenak ere egundoko arrakasta lortu du filma eman duten zinema aretoetan.
"Grufaloa" filmak haurren zein profesionalen aitorpena lortu du, eta 10 milioi ikusle baino gehiago izan ditu mundu osoan. Filma nazioarteko 35 zinemalditan baino gehiagotan aukeratu dute, eta sari ugari eskuratu ditu. Annecyko animaziozko zinemaldian sari bat irabazi zuen 2010ean, eta, handik urtebetera, Oscar sarietarako izendatu zuten animaziozko film onenaren saria eskuratzeko.
Orain, ekoizpena amaitu zenetik hainbat urte igaro diren arren, azkenik euskaraz ikusi ahal izango da "Grufaloa" pantaila handian. Filmak etxeko txikienak gonbidatuko ditu abenturak bizitzera. Basoan zehar paseatzen dabilen sagutxo baten kontakizuna da. Goseak akabatzen, hur bila joatea erabakiko du bapo jateko. Bidean doala, azeri batekin, hontz batekin eta suge batekin topo egingo du, bera bezala goseak amorratzen haiek ere.
Hirurek etxera gonbidatuko dute jatera, baina sagutxoa ez da gehiegi fidatuko haien asmoez, eta, edukazio handiz, ezezkoa emango die gonbidapenei, Grufaloarekin geratu baita.
Julia Donaldson idazlea eta antzerkigilea da, eta bere pasioen aurkikuntzak izan ditu ezaugarri: asmatutako pertsonaiak, abestiak, narrazioak eta ikuskizunak. Guztira 200 liburu baino gehiago dauzka argitaratuta, eta bere lanaren bereizgarri nabarmena datxikiak irakurtzera bultzatzen dituela, antzerki eta musika irudikapenaren bidez.
"Grufaloa" filma honako zinema areto hauetan emango dute: Getxo Zinema, Antiguo Berri edo Príncipe (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria) eta Zugaza zinema (Durango).