BILBO. Anari musikari eta abeslari azkoitiarrak 2018. urteko Adarra Saria jasoko du, Donostia Kulturak jakinarazi duenez. Saria ekainaren 21ean jasoko du, Musikaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia Antzokian 20.00etan eskainiko duen kontzertuaren atarian. Sarrerak 14 euro balio du eta ohiko kanalen bidez erosi ahal izango dira ostegunetik aurrera, hau da, Donostia Kultura Sarrerak (Internet bidez) eta Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Donostia Kulturak nabarmendu duenez, 20 urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, "kalitate maila zainduz eta hitzei garrantzia eta musikari nortasuna emanez disko sorta polita atera ondoren", Adarra Saria jasoko du Anarik.
Sari hori jasoko duen lehen emakumea da, eta euskal musikari egin dion ekarpenaren garrantzia begi-bistakoa egin zaie haren izena proposatu zuen batzordeko hiru kideei: Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Amaia Ispizua musika sustatzailea eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika Ataleko teknikaria.
Saria jasotzeko, kantari eta konpositoreak kontzertu bat prestatu du, eta bere ibilbide osoari egingo dio begirada, gonbidatu askok lagunduta. Ekainaren 21ean izango da, 20.00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Kontzertu hori baino lehen, Anarik garaikurra jasoko du, Marijose Recalde eskultoreak egina, Donostiako alkate Eneko Goiaren eskutik.
Anarik jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Lehen edizioan, saria Mikel Laboaren sorkuntza lanari eta jeinuari eman zitzaion; bigarrenean, Ruper Ordorikari; 2016an Benito Lertxundik eskuratu zuen eta, iaz, Fermin Muguruzak.
ANARI ALBERDI
Anari Alberdi (Azkoitia, 1970) euskal musikaren panoramako ahots pertsonaletakoa da, 1996. urtean bere izena zeraman "Anari" diskoa kaleratu zuenetik. Geroztik, "Habiak", "Zebra", "Irla Izan", "Zure aurrekari penalak" eta "Epilogo bat" diskoak grabatu ditu.
20 urteko ibilbidean musikari anitzekin kolaboratu badu ere, ondoan izan ditu hasieratik, besteak beste, Mikel Txopeitia, Xabier Olazabal eta Karlos Osinaga, bere ahots hautsi eta leunarekin batera, Anari den soinu pertsonala sortu dutenak. Beste musikari batzuekin batera, Bidehuts zigiluaren sortzaileetako bat da.
Kritika espezializatuak hasieratik bere musikari ibilbidea Euskal Herriko ahots garrantzitsuenen artean kokatu badu ere, egun, bada bere hitzen balio poetiko eta literarioari erreparatuz, euskal literaturaren panoraman leku esanguratsuan kokatzen duenik.