Autonomia lortu berria, itzulpen beharrak bistakoak ziren 1980. urte inguruan. Martuteneko itzultzaile eskola zabaldu zuten urte horretan bertan, udazkenean. Eskuz eta hiztegi mardul baten laguntzaz itzultzen zituzten orduan testuak irakasle moduan aritzen zirenek. Maisu-maistra horiek eta eskola hori izan ziren 1987. urtean sortu zen Euskal Itzultzaile, Zuzen-tzaile eta Interpreteen Elkartearen (Eizie) abiapuntua. 30 urte bete berri ditu elkarteak.
Ordutik egoera nabarmen aldatu da, alde batetik, teknologia berrien garapenarengatik eta teknologia horiek erabiltzen aitzindari izan da elkartea. Beste aldaketa nagusi bat ere antzeman du Karlos del Olmo bazkideak: “Elkartea sortu zenean zuzendaritzako guztiak gizonezkoak ziren, Lourdes Auzmendi izan ezik; orain alderantziz gerta-tzen da, gizon bakarra dago eta gainerakoak emakumezkoak dira”. Juan Mari Lekuona izan zen lehen lehendakaria eta gaur egun Idoia Gillenea da elkarteko zuzendari-tzako buru.
23 urte daramatza elkartean Del Olmok eta zuzendaritzatik pasatakoa ere bada. Egun elkartearen Senez aldizkaria zuzentzen du eta Donostiako Udaleko itzultzaile eta interprete da ogibidez. Denbora honetan guztian bazkide kopurua ere handitu dela kontatu du: hasieran 100 bat lagunek osatu zuten Eizie eta egun 400 bazkide inguru dira, guztiak itzultzaile, zuzentzaile edo interprete profesionalak.
Izan ere, elkartearen helburu nagusia hasieratik lanbidearen estatusaren eta profesionalizazioaren alde egitea izan da, alde batetik, eta profesional berriak treba-tzea ere bai, bestetik. Horretarako hainbat eta hainbat ikastaro antolatzen dituzte urtero, bazkideen-tzat eta baita itzulpengintzan elkartetik kanpo aritzen diren ez profesionalentzat ere.
Historia
Martuteneko Eskola sortzearen ideia edo enkargua Euskaltzaindiak eman zion Xabier Mendigureni. Euskara batua finkatuta zegoen eta horren aldeko hautua garbia zen, baina hizkuntza bateratua garatu eta gauzatu behar zen, paperetatik eta arauetatik errealitatera eraman behar zen, erabili behar zen, eta korpusa zabaldu, alor berrietara egokitu... Eta horri ekin zioten itzultzaile, zuzentzaile eta baita interpreteek ere.
Lehen urte haietan Senez aldizkari profesionala ere sortu zuten, 1984.ean, Martuteneko Eskolako irakasleen eskutik eta UZEIrekin elkarlanean (lehen alean bakarrik aritu ziren elkarrekin). Irakasle horiek beraiek izan ziren hiru urte beranduago Eizie sortzea erabaki zutenak, profesionalen topagune izan zedin, kolegio profesionalen moduan.
Euskararen normalizazioaren bidean beharrak garbiak ziren eta hu-tsuneak, hamaika. Bat oso garbi ikusi zuten: literatura unibertsala euskaratzeko beharra. Eusko Jaurlaritzak dirua jarri zuen eta mundu mailako titulu onenak euskaratzeko lehiaketa publikoak deitu zituen. Horretan jarraitzen dute eta gaur egun mundu osoko literaturaren ia 200 gailur daude irakurgai euskaraz.
Berriki, gainera, Urrezko bilduma ere abiatu dute, garai batean itzulitako lanak eguneratu eta berrargitaratzeko.
Beste hutsune bat sortu berria zen EITBrekin etorri zen 80ko hamarkadan bertan: euskara batuaren estandarizazioa ahozkotasunera eraman behar zen eta hori lantzeko itzultzaile talde berezia sortu zen. Hasieran, batez ere, oso arrotza egiten zitzaien ikusleei itzulitako pelikulak ikustea eta hesi hori gainditzea izan dute helburu urte hauetan guztietan.
Beste hesi bat gainditzen ere saiatu dira, literaturan bertan itzulpengintzaren kontrako jarrerarena, jatorrizko testuen defentsa aitzakia. Eta hor ere aurrera egitea lortu dute. “Euskararen kasuan, Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga bezalakoek aitortu dute euskarazko itzulpengin-tzak elementu berriak eman dizkiola literaturari”, azaldu du Del Olmok.
Euskal erakundeek eta bestelakoek antolatutako ekitaldiak biderkatzen hastean, interpreteen beharra ere garbia zen. Hasierako urte haietan kabinarik gabe ari-tzen ziren eta formazioa falta zitzaien. Egoera aldatu da baina, gaur egun, oraindik, interpretearena osperik gabeko lanbide baten moduan har-tzen dutela askok uste du Del Olmok.
Ospe hori, orokorrean, itzultzaile eta zuzentzaileek ere ez dutela dirudi eta gaur egun teknologia berriei esker egiten diren itzulpen mekanizatuek eta automatikoek ere ez dute horretan lagundu. Horregatik, lan profesionalaren kalitatearen eta beharraren aldarria egiten jarraitzen du EIZIEk.
Maila zientifikorantz
Batzuen eta besteen profesionalizazioan indarra egin eta hori lor-tzeko formazioa bultzatzen ere saiatu da. Hasieran Martuteneko Eskolako agiri ez ofizialak ziren euskal itzultzaileen titulu bakarrak; aurrerago EHUn master bat sortu zen eta egun gradu bat dago: lanbide hori jorratu nahi duten gazteek aukeratzen duten bidea izaten da hori nagusiki.
Unibertsitatean presentzia izateak euskal itzulpengintza maila zientifikora eraman duela nabarmendu du Del Olmok, alor horretako tesiak eta doktoreak sortzen ari baitira azken urteotan. Haien eskutik doa ikerketa eta itzulpengintzaren teoria; horiei begira, Eiziek praktikarekin jarrai-tzen du bien bitartean.
Itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen topagune eta gogoetarako gune da eta eguneroko zalantzak argitzeko gunea ere bai. Teknologia berriei esker eta Interneti esker, baliabide guztiak guztien esku jar-tzen ditu pantaila bakarrean. Munduko beste hizkuntzetako elkarteekin harremana ere mantentzen du eta batzuen eta besteen ekarpenak baliotsuak direla dio Del Olmok.
Eiziek itzultzaileak biltzen ditu baina, gaur egun, duela 30 urte bezala, argitaletxeek erabakitzen dute nagusiki zer itzuli literaturari dagokionez.
Hala ere, hor ere jauzi nabarmena ikusi du Del Olmok: hasierako urteetan gaztelaniazko eta ingelesezko lanak itzultzen ziren gehien bat eta, gaur egun, gazteak ingelesezko jatorrizko testu asko irakur-tzeko gai direla, beste hizkuntza batzuk aukeratzen dituzte. Hala, japonieratik, txineratik edo arabieratik euskaratutako liburuak ohikoak dira.
Beste berrikuntza bat formatuei dagokie, indartzen ari diren formatu berriei egokitutako itzulpengin-tza jorratzen ari baitira: webguneak, bideojokoak, komikiak, antzerkia...
Dena den, Del Olmok gaur egun oraindik ere itzulpen politika orokor baten beharra dagoela uste du, lehentasunak argitzeko alor desberdinetan eta esfortzuak eta lana norabide zehatzetan bideratzeko.
Omenaldia
2017 urtearen bukaeran bete ziren Eizieren sorreraren 30 urteak eta urteurrena ospatzeko elkartean hasieratik lanean aritu direnei omenaldi modukoa egin zieten abenduan Donostian.
Elkartearen sorreran lan egin zuten guztien izenean esker ona eta oroigarria jaso zuten Lurdes Auzmendik, Xabier Mendigurenek eta Josu Zabaletak.