ordizia - 1984. urtean, gaurko egunez, urtarrilak 21ean, hasi zen Reme Rayas Ordiziako Herri antzokian lanean. Cadizetik hamahiru urterekin, tren batean, bakarrik egin zuen Ordiziarako bidaia. Ordurako bere familiakoak bertan zeuden bizitzen, eta bidaia hori inoiz ez duela ahaztuko azaldu du.
Urte asko eraman dituzu Ordiziako Herri antzokian lanean, eta orain jubilatu berri zaude.
-Bai, 1984an lortu nuen lana. Aurrez ere saiatu nintzen beste lan batzuk lortzen. Esaterako, aguazil izateko apuntatu zen lehenengo emakumea izan nintzen. Proba guztiak pasatu ondoren, zentimetro gutxira gelditu nintzen, altura zehatz bat eska-tzen baitzuten. Ostean, jabetu nin-tzen aretozain ibiltzeko baten bila zebiltzala eta hala aurkeztu nintzen.
Eta nolakoak izan ziren probak?
-Oroitzen dut oso-oso zailak zirela, eta euskarazko idatzi zein ahozko probak ere egin zizkidaten. Azkenean, lortu nuen postua.
Gogoratzen lehenengo lan egunaz?
-Bai, Los cañones de Navarone izan zen. Oso urduri nengoen hasieran baina segituan ikasi nuen ofizioa.
Eta zein izan da urte hauetan egin behar izan duzun lana?
-Aretozain bezala, atean egoten nintzen sarrerak hartzen. Orain ez, baina garai batean jende pila etor-tzen zen, antzokia beteta egoten zen ikuskizun bakoitzean, eta eserlekuak zenbakia izaten zutenez, garrantzi-tsua izaten zen sarreren nolabaiteko kontrola eramatea.
Film asko ikusiko zenituen.
-Pentsa! Guzti guztiak ikusten nituen, eta gainera behin baino gehiagotan. 11 aldiz berdina ere ikusi dut, Titanic esaterako.
Urtea hastearekin batera jubilatu zinen. Ohitu zara aldaketara?
-Oraindik ere kostatu egiten zait. Asteburuetan erlojuari begira egoten naiz pentsatuz ea noiz tokatzen zaidan nire txanda, ez naiz ohitu pentsatzera ez naizela berriz bertara joan behar lanera. Ostegunean Beasaingo Usurbe antzokira joan nintzen Obra de Dios antzezlana ikustera, eta ez dakizu ze poza eman zidan beste pertsona bati sarrera erakutsi beharra izateak.
Baina onartu beharra daukat jubilatzeko izugarrizko gogoa nuela. Batez ere, denbora libre gehiago izateko, orain arte asteburu guztietan lan egin behar izan dut. Ea osasunak uzten digun egoera berri hau ondo aprobetxatzen.
Jendearekin hartu-eman handia izango zenuen.
-Bai. Azkenean jendea kontrolatu egin behar duzu. Askotan etorri izan dira esanez barruan dago nire laguna, edo galdetzen ea semea dago-eneko sartu den antzoki barrura edo ez. Beraz, herriko jendea ezagutzea ezinbestekoa izan da guztia ondo joan dadin.
Eta gustura ibili zara lanean?
-Oso gustura, ezin naiz kexatu. Urte guzti hauetan ez dut inorekin tira-birarik izan. Guztiak oso ondo portatu dira nirekin eta ni ere halaxe egiten saiatu naiz haiekin, ahalik eta hoberen.
Cadizetik etorri zinen Ordiziara bizitzera, ezta?
-Bai, 13 urterekin etorri nintzen. Anaia hona etorri zen lan egitera eta ondoren ama etorri zen ahizparekin. Ni ikasten nengoen eta amak esan zidan ez banituen emaitza onak ateratzen ez nintzela etorriko. Orduan nik izugarrizko nota onak atera nituen, noski, eta hala, ekainaren 28an trenean sartu nintzen hona iristeko asmoarekin.
Eta bidaia nolakoa izan zen?
-Nahiko abentura izan nituen; ez nintzen behar nuen estazioan jaitsi eta azkenean Donostiaraino iritsi nintzen. Egun eguzkitsua zen eta asko gustatu zitzaidan ingurua. Han esan zidaten zein tren hartu behar nuen Ordizian, orduan Villafranca zen, gelditzeko. Esan zidaten adi joateko, agian ni jaisten nintzen lekuan ama igoko zelako, Zumarragan gelditu nintzelakoan nire bila joateko asmoz. Kasualitatea da baina justu jaisten hasi behar nintzenean ikusi nuen ama nire bagoi berean igotzen. izugarria izan zen momentu hori. Orduan familia guztia bildu ginen, festa handi moduko bat egin genuen eta oso oroitzapen ona dut. Ordutik hemen bizi izan naiz eta oso ondo gainera. Jendeak harrera ona egin zidan eta nik uste ni ere nahiko irekia izateak bideak edo ateak zabaldu dizkidala.
Euskaraz ere oso ongi moldatzen zara.
-Hizkuntzak ikastea betidanik gustatu izan zait, eta etorritakoan zerbait ikasi nuen. Baina alaba izan ondoren, hura Ikastolan hasten zenean ni ere euskara ikasten hasiko nintzela esan nuen, eta hala egin ere. Lazkaoko Maizpide euskaltegira ere joan nintzen eta asko ikasi nuen.
Mendi bat. Txindoki. Senarrari asko gustatzen zaio eta dezentetan joan izan gara.
Hondartza bat. Hondarribiakoa.
Paisaia bat. Elurra. Natura oso gustuko dut, batez ere, elurtuta dagoenean.
Festa edo ekitaldi bat. Donostiako Danborradak asko emozionatzen nau, oilo ipurdia jartzen dit eta emozioz malkoak.
Txoko gustukoena. Nire etxea.
G
ipuzkoatzen