BILBO. Huts Teatro konpainiak "Hozkailua" izenburuko obra taularatuko du datorren ostiralean, urtarrilaren 26an, Bermeoko Nestor Basterretxea kultur aretoan. Gaueko 21:00etan izango da, Bermeoko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Antzezlanean, Maite eta Karlos pertsonaiak herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailua horren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londresetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate, zin egin baitzioten bere jaioterrian lur emango ziotela. Hala ere, hildakoari nongoa zen galdetzea ahaztu zitzaien.
Zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa da "Hozkailua". Ander Lipusek eta Patricia Urrutiak antzezten dute, Manex Fuchsen zuzendaritzapean. Unai Iturriaga da testuaren egilea.
Euskal Antzezlan hau ikusteko sarrerak sei euro balio du eta Bermeoko Gizarte eta Kultur Etxean, BBKren orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es webgunean erosi daiteke. 29 urtetik beherako gazteek, 65 urtetik gorako helduek, langabeek eta ezinduek %25eko deskontua dute leihatilan.
Hala ere, beste kulturguneetan ere ikusgai egongo da Ander Lipusen obra hau, izan ere Leioako Kulturgunean ere datorren hilbatean egongo da ikusgai, gaueko zortziretan aurrera eramango den saio batean, herriko oubliko guztiak obra euskaldunaz gozatu ahal izateko. Guztira, hirurogeita bost minutuko luzaera du obrak, hau da ordu bete eta bost minutukoa, eta Asier Ituarte musikaria izango da antzezlaneko musika zuzentzearen arduradun nagusia.