Síguenos en redes sociales:

Erdi aro, berpizkunde eta barrokoko obrak Euskalduna Jauregian Danserie Enesemble taldearen eskutik

Banda urtarrilaren 24an bueltatuko da eszenatokietara Olaeta Balletarekin eta Kepa Junkerarekin batera

Erdi aro, berpizkunde eta barrokoko obrak Euskalduna Jauregian Danserie Enesemble taldearen eskutik

BILBO. Asteazkenean, urtarrilak 10, Danserie Ensemble taldeak hasiera emango dio Bilboko Udal Txistulari Bandak programatutako kontzertu zikloari. Emanaldian erdi aroko, berpizkundeko eta hasierako barrokoko obrak interpretatuko dira. Ikuskizuna Euskalduna Jauregiko A3 aretoan izango da eta 20:00etan hasiko da. Sarrerek 2 eurokoak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira. Kontzertu hau txirula-danbor taldeari eskainita egongo da, eta bere sorreratik, XIII. mendean, XVIII. menderainoko zenbait agerpenei. Idatzizko musikaren inguruan kontserbatzen diren antzinako iturri dokumentalak oinarritzat hartu, ibilbide bat egingo da instrumentu berari dagozkion genero eta errepertorio batzuetan barrena.

Programa hiru bloketan egituratuta egongo da. Lehenengoa Erdi Aroari eskainiko zaio (esku bateko txirula eta danborraren urrezko garaia eta hedapen handienekoa); bigarrena, Errenazimentura (txirula eta danborraren atzerakada eta prestigio galeraren garaia); eta hirugarrena eta azkena, XVII eta XVIII. mendeei (instrumentua Europako zenbait gunetan kultura tradizional eta landatarreko elementu gisa erabiltzen zeneko garaia).

Alfonso Iturria (esku bateko txirula historikoa, txistua, txirula eztia), Aitor Urkiza (esku bateko txirula historikoa, txistua), Koldo Azkona (txibulua, txirula eztia, traverso barrokoa), Isabel Abarzuza (erdi aroko lautea, mandolina barrokoa, lautea, bandurria), Gabriela López (espineta), Eneko Páez (zarrabetea), Javier Navascués: ganba biola baxua) eta Carlos Fructuoso (biolontxeloa) osatutako Danserie Ensemble taldearen eskutik, obra oso ezagunak entzun ahal izango dira, besteak beste, “Tres canciones del Rey Teobaldo I de Navarra”, “Quen a omagen”, “Danse Real”, “Petit uriens”, “Del branle al jauzi”, “Bassa imperiale”, “Pavaniglia”, “Ballo di Sfessania”, “The English Dancing Master de John Playford ”, “Sonata IV para galoubet y violín de Mr. Lavalliere” eta “El Fandango”.

Kontzertu honen ondoren, Bilboko Udal Txistulari Banda eszenatokietara bueltatuko da urtarrilaren 24an. Okasio honetan, ikuskizuna, Euskalduna Jauregiko A1 Aretoan izango da eta talde bilbotarra Olaeta Balletarekin eta Kepa Junkerarekin batera arituko da. Olaeta Balleta, Bilboko erakunde beteranoa da eta bere historia luzean zehar, munduko agertokirik garrantzitsuenetan izan dira, gure folklorearen zigiluaz dantza klasikoa markatuz, eta alderantziz; betiere, modu berritzailean. Kasu honetan, Uruñuela, Museta, Aurreskua, Sagar dantza, Axuri beltza, Kaxarranka edota Lekeitioko andrazkoen aurreskuaz gozatu ahal izango da besteak beste.

Bilboko Udal Txistulari Banda

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Danserie Ensemble

Danserie Ensemble Iruñan (Nafarroa) jaio zen eta 1999an hasi zuen bere ibilbidea. Ordutik irizpide historikoen arabera XVIII. mendea baino lehenagoko musika ikertzen eta interpretatzen dihardu, horretarako garaiko instrumentuen kopiak erabiliz. Bere asmoa garaiko musika publikoari hurbiltzea da formatu desberdinetako kontzertuak eskainiz: klasikoa, didaktikoa, kontaketa eta musika bateratuz, etab.

Danserie Ensemblek era askotako kontzertuak eskaintzen ditu instrumentalak eta baita ahotsezkoak ere, eta bere sorreratik laneko ildo bi garatzen ditu: batetik, Euskal Herriko musika herrikoiaren ikerketa, harmonizazioa, instrumentazioa eta interpretazioa, dantzazkoa zein ahotsezkoa; eta bestetik, Errenazimentu eta Barrokoko musika formala (sonatak eta kantatak). Era berean kontzertu didaktikoak eskaintzen ditu nola haurrentzat hala helduentzat.