Tabula rasa egiteko une aproposa dela deritzo JSang Governors taldeko abeslariak. Bi urte inguruko etenaldiaren ostean, Arrasaten sortutako taldea gogoz itzuli da oholtzara, bere seigarren diskoa besapean dakarrela: Z.E.R.O (Baga-Biga, 2017).
Aurten hamar urte bete dira taldeak bere lehen lana argitaratu zuenetik (Itxaron beharra ez da itxaropena). Bere azken estudio-albuma (Morphinapolis) 2013an kaleratu zuten, argitalpenik berriena zuzeneko bat izan bada ere (Su garaian, 2015).
Taldeko abeslari eta konpositorea kontent da emaitzarekin, Governors espirituari fidel baina bide berriei irekia ere bai. “Heldutasun sentsazioa nabari da”, agertu du JSang-ek. Nahiko lan “bipolarra” dela ere badio. “Alde batetik, badira abestiak Governorsen ohiko estiloa gogoraraziko dutenak, hau da, rockeroa eta melodikoa; baina, beste alde batetik, berrikuntzak ere sartu ditugu”, azaldu du.
Esaterako, estreinakoz afinatu dituzte gitarrak hain behe-soinuetara hainbat abestitan. Orobat, musika “konplexuagoa” egiten saiatu dira, hots, abestiaren “zama” osoa soilik ahotsean ez egotea izan dute helburu. Musika eta ahotsaren arteko oreka hori lortzearren, musika-instrumentuek indar handiagoa hartu dutela dio JSang-ek: “Ahotsak jarraitzen du melodia zehazten, baina oinarri landuago batean egokitu da”, argitu du abeslariak.
Z.E.R.O izenburua nahiko esanguratsua da berez. Siglek hitz-joko bati erantzuten diete: Zikloari Ekin dio Rhinopalpak Ohartzerako. Halere, kantariak aitortu duenez, tximeleta mota honen bizitza-zikloaren omenez egindako esapidea Z.E.R.O izenburua erabaki ostean etorri zen: “Hainbat esaldirekin jolastu ondoren, Rhinopalparena hoberen definitzen gintuena zela ohartu ginen”.
Album berriarekin batera, taldearen egitura eraberritu da. Aitor Losada eta Ander Zubillaga sartu dira berriki bandan, gitarrekin. Boskotea osa-tzen dute Jorgek (baxua), Heloyk (bateria) eta JSang berak. Seigarren lan honetan, baina, hari-instrumentuen indar zorrotza hirukoiztu da, aipatu gitarra-jotzaileez gain, Aitor Antruejo ibili baita nagusiki gitarren alorrean, horien grabaketa eta konponketen ardura hartuz. Orain arte, bigarren gitarrista “ibiltaria” zen, hots, aldatzen zihoan biraren arabera nahiz musikariaren bestelako konpromisoen arabera. Bi gitarra finkoak izateak sendotasuna erantsi dio taldeari. Gainera, “gazteak dira eta gogotsu datoz, beren ezagutza eta ikuspuntuak ere ekarri dituztelarik”, eskertu du abeslariak.
Kolaborazio ugari Diskoaren ekoizpenean, bestalde, Haritz Harreguy -zeinaren Usurbileko Higain estudioan grabatu den diskoa- eta Jimmy S.A. ibili dira. Azken hori aspaldiko kolaboratzailea da JSang-en proiektuetan. Urteetan izan du aliatu, Governors Ekon taldean zegoenetik, hain zuzen. “Jimmy ohituta dago abesti metaleroagoekin lan egiten, hortaz, bereziki eskertu dugu bere ukitua gitarretan, adibidez”. Masterizazioaren ardura Jonan Ordorikak izan du, Mamia estudioan. Horrez gain, hainbat kolaboratzaile izan dituzte. Adibidez, sintetizadore, sampler eta piano lanetan aritu da Koldo Uriarte.
Letren kasuan, aipagarria da Aiert Goenagaren egokitzapena Diabolus eta Inor ez abestietan. Mikel Etxaburuk eta Xabi Igoak ere hartu dute parte hitzetan. Igoak Hezurraren kultura sinatu du, balada atipikoa dena. “Polita da disko bat entzuten duzunean, bekaina altxatzea eragiten dizun abesti hori entzutea”, dio abeslariak. Z.E.R.O lan honetan, Hezurraren kultura izan daiteke kantu hori, “diskoan egotea eskubide osoz irabazi duena”, JSang-en esanetan. Aritz Navarrok, bestetik, koru “brutalak” erantsi dizkie 1937 eta X & Y kantuei. Beraz, abeslariak onartzen du kolaboratzaile hauen guztien ekarpenik gabe ezinezkoa litzatekeela diskoa une honetan dendetan egotea.
Askotariko gaiak landu dituzte, Elizako pederastia kasuen salaketatik (Diabolus) transexualitatera arte (X&Y). Bizhilik, bestalde, aurkezpen singlea da, baita albumeko “kanturik osoena” ere, abeslariaren ustez. Halere, diskoan ageri dena oinarrizko materialaren erdia baino ez da. Kaxan -betirako ala ez-, erraz geratu dira dozena bat abesti. “Ziurrenik hurrengo batean bueltatuko gara aparkatutako hainbat kantutara eta horiek landuko ditugu”. Etengabeko zikloa hasi berri da, beraz.