BILBO. Antolatzaileek gogoratu dutenez, 1977an, euskal artisten talde batek Pott Banda literatur taldea sortu zuen Bilbon. Bernardo Atxaga, JosebaSarrionandia, Ruper Ordorika, Jon Juaristi, Manu Ertzilla eta Joxemari Iturralde gazteek osaturiko taldeak "euskal literatura iraultzea" lortu zuen hiru urteko ibilbidean. 40 urte geroago, Euskal Poesiaren BBK Asteak omenaldia egingo die artista gazte haiengandik sorturiko errimarik sakonenei.

Poesia jardunaldiek bederatzigarren edizioa beteko dute aurten, eta "euskal letren indarra eta grina" eramango ditu Bilboko BBK Aretora. Errezitaldiak eta hitzaldiak izango dira, beste ekitaldi batzurekin batera. Jardunaldietarako sarrera libre izango da aretoko eserlekuak bete arte.

Zikloa hasteko, irailaren 18an, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga eta Jon Juaristiren poesien irakurketa bat izango da, "Itsaso debekatuak" izenburupean. Galatea taldeak jarriko die ahotsa hiru artisten poesiei.

Irailaren 19an Bernardo Atxaga bera arduratuko da Pott Bandaren inguruan hain ezagunak ez diren gakoetako batzuk azaltzeaz. "Alrededores de Pott" hitzaldi-errezitaldiarekin, BBK Aretoak "iraganerako bidaia egingo du euskal literaturaren bilakaeran erabakigarria izan den talde baten sekretuak argitzeko".

BBK Poesia Asteak irailaren 20an jarraituko du, "Bertso gurutzatuak" jardunaldiarekin. Karmelo Iribarren eta Felipe Juaristi olerkarigipuzkoarrek "buruz buruko poetikoa" izango dute, eta "hitzak edo berbak izango dituzte irabazteko arma bakar".

Irailaren 21ean, Beñat Arginzoniz idazlearen olerkiak eta Juanjo Navas flamenko kantariaren ahotsa elkartuko dira "Norte Jondo" diskoaren aurkezpenean. Marco Borge eta Enrique "El Vaca" artisten gitarra erritmoek onduko dute nahasketa berezia.

Emakumezko ahotsekin bukatuko da Euskal Poesiaren IX. BBk Astea, irailaren 22an. "Lau euskal poeta" emanaldiarekin. Blanca Sarasua, Maria Maizkurrena, Miren Agur Meabe eta Itziar Minguezek hainbat belaunaldi eta estilo poetiko ordezkatuko dituzte agertokian.