Labrit Zabala (Usurbil, 1978) ez da publikoan asko ager-tzen den kantari horietakoa, baina euskal musikan izena eta izana daukan musikaria da. Bide Ertzeaneko lehen bi lanetan entzun zitekeen ahots ezti hark sorgindu zituen entzuleak, eta bakarlari gisa urte batzuez jardun ostean, bere bakarkako lehen bi lanak plazaratu zituen, Paradisua (Oihuka, 2000) eta Nori egin So! (Oihuka, 2001). Harrezkero, musikarekiko harremana inoiz eten ez badu ere, oholtzetatik eta arlo publikotik at ibili da 15 urtez, harik eta, iazko abenduan, Zortzi (Baga-Biga) kaleratu zuen arte.
Tartean bi seme-alaben amatasunaz eta bizitzaren gora-beheretatik ikasteaz arduratu da usurbildarra. Konposatzeari ez dio ordea inoiz utzi. “Nere pasioa konposatzeko momentua da, niretzat medizina bat da, elikagai bat. Konposatzerakoan hausnarketak egiten baititut eta erantzunak jaso”. Barrenean bere hausnarketa musikatu horiek konpartitu beharra sentitu zuen iaz eta aste ba-tzuez haurrik gabe egongo zela aprobetxatuz, etxean sartu zen eta hilabete bakarrean sortu zituen, beste askoren artean, Zortzi-n datozen abestiak. Bereak dira diskoko ahotsak, gitarrak eta pianoak, eta baita sintetizadoreak ere, elektronikaren xomorroak kosk egina baitzion azken boladan. “Disko hau aurrekoetatik oso desberdina da, nire bizitzako momentu bat islatzen du non behar nuen halako katarsi bat eduki. Momentuak eskatzen zidan zerbait oso dinamikoa egitea, egunean egunekoa, presente eta geure izatearen onena emanez bizi behar dugula adieraziko zuen zerbait, eta hori elektronikak eman dit”.
Kantu gehienak, berez, berriak izanik ere, urteetako esplorazioaren emaitza dira. Disko honetan nabarmena da esplorazioaren alderdi musikala, elektronikarekin egindako lana, alegia: “Mugak non ditugun eta non ez ezagutu behar dugu, eta musikalki ez diot mugarik ikusten neure buruari, gauzak probatzea asko gustatzen zait eta ez dut nahi Labriten musika gauza zehatz bat izatea”. Gauza berriak deskubritzen ari dela dio usurbildarrak: “Lehen dena egiten zidaten, gitarra eta pianoarekin jotzen nituen kantuak eta gero beste batzuek osatzen zuten abestia. Orain, aldiz, neuk egin dut guztia eta programazioen jolas hori asko gustatzen zait”, kontatu du.
Baina arlo musikalaz gain, letretan nabari da sortzaileak arlo emozionalean azken urteotan egindako lanketa ere. Ametsez, egiaren bilaketaz, maitasunaz, bizitzaren handitasunaz eta gauza txikien magiaz dihardu hitzetan, bizitza bizitzeaz, orain eta hemen: “Bizipen guztien atzean dago irakaspen bat. Momentu ez hain onak pasako ditugu, triste ere egongo gara, baina horri ere etekina ateratzen ikasi behar dugu. Kanpora begira bizi gara, baina zein ederra eta gogorra den barrura begiratzea”.
Diskorako birmoldatuak Zazpi kantu berriekin batera, bada en-tzuleari ezagun egingo zaion abesti bat, Paradisuan diskoan argia ikusi zuen Maitasunaren paradisuan murgilduta kantua hain zuzen, haren bertsio elektronikoa egin baitu Labritek lan honetarako. Diskoa ixteko, berriz, lo-kanta bat, Amaren musua izenekoa, seme-alabei ida-tzitakoa. Hala azaltzen du nondik sortu zen kantua eta bere esanahia: “Guraso garenok beti dauzkagu zalantzak, eta askotan galdetzen diogu geure buruari ondo ari ote garen. Alde batetik, haurtxo baten arduradun gara eta erakutsi egin behar diogu, pixkanaka, oinez ibiltzen. Baina, mugak ere badaude; noraino daukagu inposatzea gure ohiturak edo pentsamenduak? Eta bestetik, badakigu bizitza biziko dugula, baina ez dakigu noiz arte. Eta lo ikusten dituzunean, hain eder, zalantza horiek denak azaleratzen zaizkizu batzuetan. Horregatik, seme-alabei txikitatik kantatzen diet abesti hori, jakin dezaten, nahiz eta egun txarrak pasa, edo nahiz eta ni ez egon, beti maiteko ditudala”.