BILBO. Piarres Charritton euskaltzaina 95 urte zituela hil zen aurreko ostiralean. Atzo izan zen hileta Hazparneko elizan (Lapurdi) eta bertara jende andana gerturatu zen azken agurra ematera. Hileta- elizkizun osoa euskaraz izan zen eta Jean-Louis Davant euskaltzainaren eskutik Charrittonen bizitzako hainbat pasadizo eta meritu ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Hazparneko Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Aita-amak, Pierre Charritton eta Gaxuxa Zabaltzagarai, laborariak ziren eta sei haur izan zituzten; Charritton bera izan zen zaharrena.

Filosofian lizentziatua eta Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea izan zen. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urrian eta euskaltzain oso 1985eko uztailan. Euskaltzain emeritua izan zen 2006. urtetik aurrera. Erroman goi-teologia ikasketak eta filosofiakoak Parisen burutu ostean, irakaskuntzan jardun zuen. Bada, 70. hamarkadan apaiz izateari utzi zion.

Bere ibilbidean zehar, artikulu ugari eta zenbait obra publikatu zituen, euskaraz zein frantsesez. Jean Etxepare medikuaren eta Piarres Lartzabal idazle eta antzerkilariaren lanen biltzaile izan zen.

Ekintzaile nekaezina, halaxe mintzo zen hari buruz Andres Urrutia euskaltzainburua: “Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres”. - DEIA