andoain - Lou Topet taldeak 48 ordu baino gutxiago behar izan zituen iraupen laburreko folk-rock disko fina grabatzeko. Garate estudioetan sortu zuten Pete Seeger gogoan izena duen lan laburra, musikari estatubatuar ikonikoa inguratzen zuen “mundua” isla-tzeko asmotan abiatu zuten proiektua. Hark ezagun bihurtu zituen bost kanta euskaratu dituzte Harkaitz Canoren laguntzarekin. Abesti bat gutxiago (2015) disko-liburutik berreskuratutako Loreak non dira kantuaz gain, beste lau moldaketa grabatu dituzte Martxel Arkarazo soinu teknikariaren agindupean. Hilaren 26an, estatubatuarra omenduko dute Arriagan, Eutsiko diogu, Pete! The Seeger Basque Sessions saioan.

Astearte goiza zen; euria gogotik ari zuen Garateko ingurune berdeetan. Aitzitik, etxearen beroan, goxo-goxoa zegoen giroa. Ander Zulaika bateria-joleak izan ezik, guztiek igaro zuten gaua Andoaingo estudioan: Oier Aranzabal kantariak, Oihan Larrañaga baxu-joleak eta Rafa Rueda gitarristak. Musikarien aurpegietan igarri zitekeen bezperako lanaren ajea. Lo gutxi egin zutela agerikoa zen, begizuloei erreparatuta. Hala ere, banjoaren soinua entzun orduko, irribarre ezin handiagoa marraztu zitzaien aurpegian. Joseba Irazoki zegoen kristalaren bestaldean, diskoaren azken zertzeladak grabatzen. Aipatzekoa da luxuzko kolaboratzaileen laguntza izan dutela abentura honetan; Irazokiz gain, Joserra Senperena pianojolea eta Golvan Marin Valdivia abeslari misteriotsua, esaterako.

“Banjoa segituan identifikatzen duzu Pete Seegerren espirituarekin”, dio Oier Aranzabalek, poz-pozik. Norekin hago (Which Side Are You On jatorrizkoan) eta Gabon, Ailin (Goodnight, Irene) abestietan sartu dute AEBetan jaiotako folk instrumentua. Lehena, singlea, meatzari sindikalista baten emazteak idatzi zuen 1930eko hamarkadan eta bestea, hamaika bertsio ezagun dituen doinu zaharra da. Sehaska kanta den arren, zaila izango da inor lokartzea Lou Topetek eman dion zoramen ikutu dibertigarriarekin. Su hau (Swing Low, Sweet Chariot) ereserkian aldiz, ahots armoniek dute protagonismoa, eta horregatik bere horretan uztea erabaki dute. Amai-tzeko, banjoa alde batera utzita, Woody Guthrieren Lur hau zurea (This Land Is Your Land) klasikoan lap steel kitarra sartu du Irazokik.

pete MAISUA Ezin gusturago dabil zarauztarra proiektu honekin. Izan ere, Lou Topet 2012an sortu baino lehen, Garabi aurreko taldearekin Pete Seegerri omenezko kantaldia antolatzeko zorian egon ziren, oraindik bizirik zegoenean. Ezin izan zuten egin baina bost urte geroago, moldaketekin trebeak direla ikusita, musikari estatubatuarra omen-tzeko saioa egiteko eskatu die Bilboko Loraldia jaialdiak. Aitzakia probestu dute estudiora itzuli eta Abesti bat gutxiago diskoaren “epilogo” moduko bat grabatzeko -disko hartan Jeff Tweedy, Cass McCombs, Damien Jurado eta Seeger bera ekarri zituzten euskarara, besteak beste-.

“Pete Seeger zergatik? Gaztetan ezagutu nuen osabari esker. Musikazale eta countryzalea da oso eta une oro jartzen zizkidan bere kantak. Hasieran ez nion kasu handirik egiten, baina pixkanaka joan nintzen bere mundua deskubri-tzen”, dio. Imanol Urbieta kantagile zarauztarrarekin alderatzen du Aranzabalek joan den mendean folk musika eta konpromisoaren ikono bihurtu zen artista: “Herriarentzat eta herriarekin kantatzen zuen Pete Seegerrek. Abestiak hark idatziak ala herrikoiak ziren, bost axola zion. Pete Seegerrek, Urbietak bezala, ez zuen abestirik eta, era berean, denak ziren bereak. Ez zieten garrantziarik ematen euren buruei, euren egoari eta era didaktikoan jokatzen zuten: jendeari kantarazten zioten, abestien eta abestearen balioa erakutsiz”, gaineratu du Aranzabalek.

Halaber, Seeger belaunaldi askoren “maisua” izan da. Nabaria da hastapenetako Bob Dylanengan izan zuen eragina eta “ezin dira ulertu Springsteen, Wilco eta ikuspegi konprometitu eta progresistari eutsi dioten beste hainbeste musikari maisuaren kantagintzari errepaso bat eman gabe”. Ez Dok Amairu taldean ere sekulako indarra eduki zuen New Yorkeko kantariak, “gauzak planteatzeko modua eta filosofiagatik”. Benito Lertxundi, Gari eta Mursego bezalako musikariek ere haien moldaketak egin dituzte.

Bestalde, Estatu Batuak “liluragarriak” direla deritzo Aranzabalek, betiere “klixetatik kanpo”. “Dena oso sinpleki ikusteko joera handia dugu. Euskal Herria oso sinpleki ikusten dute Espainiatik eta guk hemendik oso sinpleki ikusten ditugu Espainia zein Estatu Batuak, Donald Trumpen garaiotan are gehiago. Baina, zentzu askotan oso aurrerakoiak dira AEBak”, dio. “Ahaztu arazten digute mugimendu ezkertiarra beti egon dela, komunistak jazarri zituztela Hollywooden, Pete Seeger, Woody Guthrie eta horiek guztiak militante sutsuak izan zirela? Egun ere, ezkerreko mugimendu hori Alderdi Demokrataren barruan diluituta dago, eta bere burua sozialistatzat duen Bernie Sanders hautagaiak argi erakutsi du hori. Bat-batean, milaka lagun agertu dira bere burua ezkertiartzat dutenak, konplexurik gabe. Zaila da geure atzamarretik harago ikustea, baina AEBetan ezker mugimendu indar-tsua dago. Ez da erreza horrelako herri handia ulertzea, baina Pete Seeger bada gako garrantzitsu bat: izebergaren punta”, bukatu du.

300 kopia Grabatzera zihoan une berean, soka bat hautsi zitzaion. Traba horri aurre egin zion, baina, gitarraren soka aldatuta, eta berriz ere ekin zion Irazokik bere lanari estudioan. Abestiak oso ondo ikasita ekarri eta aitaren batean bukatu zuen grabatu beharreko azken kanta. “Orain nire txanda da”, esan zuen Arkarazok, gehien gustatzen zaion lana baita nahastea. Azkar jarri zen edizio lanetan, egunari ez zitzaiolako asko gelditzen. Gauerdi aldera masterra lortu zuten eta hurrengo egunean diskoa sarean zebilen bolo-bolo. Seeger.loutopet.com webgunean izena eman zutenek goizeko 9.00etan sarrera ontzian jaso zuten oparia. Horrez gain, eskuz egindako 300 kopia kaleratuko dituzte Arriagako emanaldian saltzeko, eta baliteke ondoren bost kantuok Bandcamp orrian eskuragarri izatea.