BILBO. Maika Makovski konpositorea, abeslaria, gitarrista, musikaria eta antzezlea da, eta bere "ahalmen hipnotikoak ezinezkoa egiten du begirada desbideratzea eszenatoki gainera igotzen denean". "Jakinmina, sedukzioa, pasioa, intuizioa, nortasuna. Bere musikak beti harrapatzen du, baina batez ere zuzenean", nabarmendu dute Arriaga antzokitik.

"Chinook Wind" diskoa 2016an argitaratu zuen, aitaren jaioterria den Mazedoniara egindako bidaiatik itzultzean konposatu zituen hamar abestiz osatutako lana. Albuma Bristolen grabatu zen, eta bertan John Parishekin egin zuen lan berriro. Oso ekoizpen "biluzia eta gordina" da, eta azpimarragarriak dira musika tresnen lan akustikoa eta ahotsa babesten duten hari eta metal moldaketak. Emaitzak "Maika Makovski pertsonalena" erakusten du.

Diskoa aurkezteko biran, Bartzelonako Brossa Quartet de Corda ospetsuak (bi biolin, biola eta txeloa), Pep Mulak (bateria) eta Pau Vallsek (tronpa) laguntzen diote. Maikak berak gitarra akustikoak eta elektrikoak jotzen ditu.