Berpiztu dira euskal blogak
Azkue Fundazioak euskal blogintzaren egoera aztertu nahi du, orain arte ez baita egin horri buruzko ikerketarik. Hori horrela, inkesta publiko bat abiarazi du, itzalean dagoen mundu horren ikuspegi erreal eta zabala lortzeko asmotan
YOUTUBERRAK abiadura bizian ugaritzen ari dira, sareko arreta gune bilakatuz. Modan daude, errege dira Interneten. Baina ez dira esparru honetan bizi diren aktore bakarrak. Euskarazko blogak ez dira atzean gelditzen; berriz ere ari dira itzaletik ateratzen. Bada, Azkue Fundazioari euskal blogintzaren egoerak kezka eta jakinmina sortarazi dizkio. Azken urteotan ez da egin ikerketa edo analisi sakonik afera horren inguruan eta horregatik, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu du berriki. “Edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek bete dezake inkesta. Ahalik eta jende gehienak erantzutea behar dugu, emaitzek benetako egoera isla dezaten”, azaltzen du Amaia Ocerin Azkue Fundazioko teknikariak.
Aurrekaririk gabe abiatu dute abentura estatistiko hau: “Euskarazko blogintza 2001ean hasi zen eta ordutik, Joxe Aranzabal bakarra izan da azterketa moduko bat egiten”. Modu berean, argitzen du inkestak galdera ugari izango dituela bere baitan: “Pistak lortu nahi ditugu jakiteko nolakoak diren euskarazko blogak: ea jendearen gustukoak diren, ea kontsumitzaileek gairen bat botatzen duten faltan, zer ohitura duten erabiltzaileek blogak kontsumitzerako garaian, nortzuk diren blogari erreferenteak... hausnarketa sakona egin behar dugu”. Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira, Fundazioak jakitera eman duenez.
Ocerinen arabera, oro har, euskarazko blogek berpizte bat bizi izan dute, “bultzada moduko bat”. Egoera horrek, baina, arazo bat utzi du mahai gainean: “Euskarazko blogen kasuan gertatzen dena da oso sakabanatuta daudela, ez dugu bilgune bakarra”. Ildo horri jarraiki, horietara iristeko esparru anitz daudela azaltzen du Ocerinek. “Hedabideek, esaterako -Argia, Gaztezulo-, euren blog sarea dute, Interneten blog plataforma ezberdinak dauden moduan -Blogariak, WordPress, Blogger- eta horiek guztiak ez daude inon zerrendatuta”, aitortzen du. Lan horiek guztiak sustatu nahi dituztela dio. Halere, hori lortzeko, lehenik blogak identifikatzea beharrezkotzat jotzen du. “Jendeak beste hizkuntza batzuetan blogak sortzen dituen bezala, euskaraz ere barrenak astintzeko edo norberak nahi dituen gaiak lantzeko aukera badutela erakutsi nahi dugu. Eta, bide batez, jendeak euskaraz egiteko duen beldur hori kentzea ere nahi dugu”, dio.
Hizkuntzaren estigmatizazioari buruz mintzo da Ocerin. “Hori da inkestan botatzen dugun galderetako bat. Hau da, blog bat daukatenek zein hizkuntzatan idazten dute? Euskaldunak direnek zergatik ez dute euskaraz egiten?”. Teknikariak berak erantzuna ematen die berak formulatutako galderei: “Agian, euskaraz eginez publiko gutxi izango duela sumatzen dutelako edo maila orokorrago batean posizionatu nahi dutelako euren bloga”.
Ocerinen aburuz, kopuru aldetik “osasuntsu” dago euskal blogen esfera, baina zaila izaten da horiek identifikatzea eta gehiago zabaltzea, teknikariaren arabera: “Horretan erronka dugu euskaldunok, horiei hauspoa eman behar zaie”.
lehiaketa Blogetan! Blog izarren bila lehiaketa abiatu du Azkue Fundazioak, Argia bidelagun duelarik. Ocerinek azaltzen duen moduan, lehiaketa honek piztu omen zuen inkesta publikoa gauzatzeko nahia.
Blogetan! lehiaketak bigarren edizioa du aurtengoa. Guztira, hiru fase izango ditu -izena ematea, publikoaren bozketa eta epaimahiaren erabakia- eta erabiltzaileek lau kategoria izango dituzte aukeratzeko: Zien-tzia eta Teknologia; Kultura; Gizartea eta Politika; eta azkenik, Aisialdia. “Publikoak bozkatzeko aukera izango du Twitter edo webgunearen bidez. Ondoren, finalisten artean epaimahai profesionalak aukeratuko du irabazle nagusia”, argitzen du Ocerinek. Blogek eduki landua, deseinu txukuna eta garbia -edukiak erraz aurkitu ahal izateko-, eta jarraikortasun bat eduki behar dute. “Blogariak sare sozialetan bere lana sustatzen duen ere ikusiko dugu”, gehitzen du.
Inkestaren emaitzen aurkezpena, Blogetan! lehiaketako sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo dute. Martxoaren 30ean izango da, Bilboko Euskararen Etxean.
Más en Cultura
-
Maitane San Nicolás: "Las coordinadoras de intimidad son fundamentales en los rodajes de las películas con escenas de sexo"
-
Siete discos vascos entre los mejores 80 estatales de este milenio, según Rockdelux
-
Ylenia Baglietto: “Mamma Mia’ es un sueño hecho realidad, un regalito que me ha dado la vida”
-
Agatha Christie llega a Bilbao por Aste Nagusia