Síguenos en redes sociales:

Belaunaldien arteko zubia

Azken mendeko eraikin esanguratsu asko eraisten ari gara. Berriztatze prozesu natural bati erantzuten dion fenomenoa da, ala utzikeria eta ezjakintasuren ondorioa?

Belaunaldien arteko zubiaViar Estudio

Egun hauetan arkitekto kideen denuntzia-ahotsa entzun da komunikabideen plazan, ohikoa ez den zarata sortuz. Haserrealdiaren arrazoia honakoa izan da: Alejandro de la Sota (1913-1996) arkitekto madrildarraren Guzman etxebizitza bikaina eraitsi egin da beste eraikin berriago -eta arruntago- bat egiteko. XX.mendeko arkitektura modernoarekiko errespetu falta salatzen dute. Madrileko gertaera hau ezaguna zaigu. Donostiako Mirakruz eraikinaren eraispenaren aurkako mugimendua sortu da berriki; Bilboko RAG eraikina suntsitu zenean arkitektoak aurka azaldu ziren; eta, orokorrean, gure lurralde zabalean eraikin industrial ondarea desagertzen ari dela salatu izan da behin eta berriz.

Arkitektoen amorraldi hau ez da erromantizismo-atake bat. Suntsiketa-fenomeno hauen atzean hainbat ezaugarri errepikatzen dira han eta hemen. Eraikin askoren eraispena gauza-tzeko arrazoi nagusia eraikigarritasun handiagoa lortzea izaten da. Beste modu batean esanda: azalera gehiago lortu nahi da, diru-irabaziek gora egiteko helburuarekin. Berezko eraikinaren balio espazialei muzin egin eta kantitatearen argudioak nagusi-tzen dira. Baina arkitekturaren baliogabetzean beste faktore bat ere bada. Ondare gaztearen gaineko gutxiestea, hain zuzen ere.

Ondare arkitektonikoa, pentsatu ohi da, zahartasunarekin harremanean dagoela soilik. Aldiz, eraikin bat ondaretzat jotzeko, ez zaio adina galdetu behar: presentzia materialak gizarteari eskaintzen dionari erreparatu behar zaio. Balio identitario edo sinbolikorik ote duen, edo kalitate espazialen arabera epaitu beharko da ondarea denentz. Finean, ondarearen identifikazioa gizarteak arkitekturari ezar-tzen dion merezimendu bat da, zeinak bere babesa bermatzen duen. Ondarea zahartasun hutsaren arabera ebazteak, arkitekturaren balioekiko arroztasuna adierazten du, gizarteak duen arkitektura-hezkuntza gabezia. Arkitektoek mea culpa abestu behar dute afera honetan, beren lana gizarteratu ez dutelako.

Testuinguru ezkor honetan, txalogarria den adibide bat aurkitu dugu. Eugenio Aguinaga (1910-2002) arkitekto bizkaitar esanguratsuaren Galeako golf klubaren eraikina (1963an eraikia) berriztatu du Iñigo Viar arkitekto getxotar garaikideak. Aguinagaren arkitektura ongi ezagutzen du Viar arkitekto doktoreak, Aguinagari buruzko hainbat argitaralpenetan parte hartu duelako EHUko arkitektura eskolako irakasleak. Aguinagaren arkitektura gerra osteko bizkaitar arkitekturaren eredua da, eta Viar gaur eguneko arkitekturaren adierazgarri da (nazioarteko lehiaketetan saritua izan da bere lana). Belaunaldien arteko zubi-lana eman da berriztatze eta baloratze eraikuntzan: Aguinagaren espazioen xehetasunarekiko zainketa eta Viarren begirada fina eta gaurkotua bildu dira. Golf eraikinaren X formako planta, maisutasunez ebatzitakoa, errespetatu da. Esku-hartze berriak kafetegiaren zonaldea berregin du barnealdetik kanporako sentsazioa areagotzeko, teknika eta material berrien aukerak txertatuz. Errealitate desberdinetako arkitekto bien lanek eraikinaren egunera-tzea gauzatu dute.

Aguinagaren lanak Munibe saria jaso zuen, Bilboko eta Getxoko kaleen etxebizitza paisaian zeregin handia izan baitzuen (Zabalburu eta Etxezuriko etxeorratzak edota Gran Via 54ko etxebizitza kolektiboa Aguinagarenak dira). Espazioak mimoz ekoizten zituen, pareta, lurzoru eta estaldura bakoitzaren ehundura diseinatuz. Mugimendu modernoaren hoztasunetik aldendu eta bizigarriak diren espazio goxoak eratu zituen. Garaiko euskal arkitekturaren abangoardiaren partaide izan zen, arkitekturaren garapenean aurrera eginez. Bestalde, Viarrek lengoaia garaikidea darabil, klasikoen argi eta itzalen jokoen bilaketa ahaztu gabe eta xehetasunarekiko abilezia paregabearekin. Bereziki aipagarria da lehiaketa proposamenen adierazpen grafikoa, non marrazketak pentsatzeko eta egiteko modu berritzailea agertzen duen.

Aguinagaren jakintza-ondarea Viarren idazketa, marrazki eta eraikuntza garaikidean aurkitu daiteke. Arkitektura babesteko eta mantentzeko argudioa jakin-tzaren jarraitasuna bermatzea baita, belaunaldien arteko zubigintzarako parada izateko.