Kolore ezberdinetako emozioak, pil-pilean
Agurtzane Intxaurragak zuzendutako ‘Koadernoa Zuri’ antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa Leioan izango da ikusgai hurrengo ostiralean, hilaren 21ean
Koadernoa Zuri an-tzezlanaren euskarazko estreinaldia Igorreko Lasarte Aretoan egin ondoren, Leioan ikusgai egongo da hurrengo ostiralean, hilaren 21ean. Ikuskizuna gaztelaniazko bertsioaz disfrutatzeko lehen aukera izango dute. Bi saio hauek Euskal Herri guztian zehar ibiliko den bira bati hasiera emango diote. Baina aurretik, taularatze prozesu luze eta “aberasgarria” izan du Hika Teatroaren ikuskizunak, Agurtzane Intxaurraga gidoilari, zuzendari eta aktoreak adierazi duenez.
Askotan egiten duten moduan, Arantxa Iturberekin bildu eta lan berri baten inguruan berriketan hasi ziren. Intxaurragari Lorcaren Bernarda Alba pertsonaia gustatzen zi-tzaiola eta, hori hartu zuten abiapuntutzat. “Gure Bernarda eraikitzeko ideia izan zuen Arantxak, Euskal Herrian ere pareko emakumeak zeuden eta: tradiziozaleak, fededun itsuak, familia bide zuzenetik aurrera ateratzeko hezituak izandakoak”, azaldu du zuzendariak. Gaiaz hitz egiteko, bi ahizpen istorioa sortu zuten, 25 urtetan bananduta egon ondoren topo egiten dutenak. Begoñak (Miren Gojenola), zaharrenak, borrokaren bidea aukeratu zuen eta Afrikan bizi izan da; Arrate (Itziar Ituño) gazteenak, obedientziarena, eta itxuraz perfektua den bizitza du. “Amak eurengan utzitako arrastoak oholtzan agertuko dira, eta topaketa horretan emozioen gorabehera handiak sortuko dira”, dio egileak. “Publikoak beldurra, mina, itolarria eta askatasuna sentituko ditu, besteak beste, bi ahizpekin batera”.
Abiapuntua Bernarda Alba izan den arren, istorio garaikidea kontatzen du Koadernoa Zurik. “Kontakizuna ez da lineala, narrazioa etengabe hautsi dugu eta denboran atzera egingo du”, adierazi du zuzendariak, eta ikusleak 25 urte horietan bakoitzari gertatutakoaren lekuko izango direla gaineratu zuen. Horiek horrela, bira ugari egongo dira, eta istorio sentiberak agertuko dira, bat egiteko modukoak. “Denek izango dute aukera barre egiteko, isilik gelditzeko, hunkitzeko... kolore ezberdinetako emozioak pil-pilean egongo dira”, adierazi du Intxaurragak, gai unibertsalak tratatu dituztela gaineratuz.
“Ematen du gizartean aurrera egin dugula eta oso libreak garela orain, baina gauza batzuk ez dira asko aldatu; adibidez, abortatzea ez da librea leku askotan”, salatu du. “Hutsuneaz ere hitz egiten du obrak, pertsona bat beste baten bizitzatik desagertzen denean, horrek sortzen duen minaz; edo sexu harremanen askatasunaz”, azaldu du. Bere ustetan teilatupean gauza asko ezkutatzen dira, jendaurrean esaten denaz harago. “Hala ere, kasu batzuetan ez dago hain argi zer dagoen ondo eta zer gaizki, gure sentimenduak ez dira beltzak edo zuriak, eta horregatik, momentu bakoitzean ahizpa bat edo bestea ulertuko du publikoak”, azpimarratu du.
Bestalde, Arrateren bi gaixo eta betiko bizilaguna sartu dituzte istorioan, umorea sartzeko helburuarekin. “Emozio potenteak jartzen dira mahai gainean eta arnasbideak topatu behar genituen”, dio zuzendariak, eta modu natural batean sartzen saiatu da. “Gainera, pertsonaia horiek ezagunen batekin identifikatuko ditu ikusleak, seguru”, esan du.
Antzezlanaren idazkera ere ez da hain ohikoa izan eta Intxaurraga Lorcaren poetika inoiz baino gehiago lantzen saiatu da. “Hikaren teatroa, esaten dutenez poetikoa da, baina kasu honetan, esfortzu bat egin dut agertzen diren objetuek esanahi bat har dezaten ikuskizunean zehar”, azaldu du, eta antzezlana “indarrez josten” saiatu dela onartu du. An-tzerkigilearen ustetan, obrak akzio asko dauka, baina momentu batzuetan testuek benetan poesia dirudite. “Begietatik eta belarrietatik sartuko da ikuskizuna, inoiz baino gehiago”.
Eszenografiari dagokionez, “oso kontzeptuala” dela adierazi du Intxaurragak. Bere ustetan, sartu dituzten elementuak “behar-beharrezkoak” dira istorioa aurrera eramateko eta “eszenatokitik sakabanatuta egongo dira”. “Gainera, halako dramaturgia hautsi baten aurrean, non flashbackek indarra duten, argiek eta mundu sonoroak ikaragarrizko garrantzia dute”, gehitu du.
Sortze prozesu irekia
Gidoilaria eta zuzendaria izateaz gain, Intxaurraga amaren paperean jarriko da taula gainean. “Ez zen nire asmoa. Ituñok eta Nagore Aranburuk egin behar zuten ahizpen papera; azkenean, bigarren honek ezin zuen eta Gojenola, ama zena, ahizpa zaharrena bilakatu zen”, gogoratu du. Norbait berria sartzea arriskutsua iruditu zitzaion eta orduan, bere burua jarri zuen amaren papera betetzen. “Indar handiko pertsonaia da, baina presentzialki indarra bi ahizpena da, erabat”, azaldu du, rol hau aukeratzearen zergatiaz hitz egitean.
Hiru lanak batzea nahiko zaila egin zaiola azaldu du Intxaurragak. “Alde batetik, idaztea eta zuzentzea erraza da, baina aktore lanak egiten ditudan bitartean zuzentzea ez zait hain erraza egin eta Tessa Andonegiren laguntza izan dut azken txanpa honetan”, azaldu du eta entsegu asko izan ez dituen arren, bere pertsonaia defendatzen saiatuko dela esan du.
Antzezlanaren sortze prozesua Hernanin egin dute, eta bertako jendearekin batera aritu dira. “Hasieratik bertan egon gara eta oso pozik gaude izan dugun aukeraz”, adierazi du, era horretan, muntaia zutik jartzeko aukera izan baitute. Gainera, komunitate bat sortu dute eta zortzi ikusle eurekin batera joan dira ikuskizuna sortzen. “Hilean behin prozesua ikusi dute: lehen irakurketan egon ziren, argiak jarri genituenean...”, gogoratu du. Hasieran, aktoreentzat eta ikusleentzat “arraroa” izan da, baina konfidantza sortu da zuzendariaren ustetan, eta berarentzat “oso baliagarria” izan dela dio: “Oso gomendagarria da eta oso eskertuta nago”. Orain hain “biluzik” sentituko ez badira ere, estreinaldiak beldurra ematen du eta hori urriko bi saioen ondoren pasako zaio Intxaurragari.
Ondoren, 2017ri begira, Arantxa Iturbek antzezlanean oinarritutako eleberria argitaratuko du, “koaderno zuria hitzez beteko du”, bere ustetan, kapa asko dituen obra bat baita.