“Oinarrizko leku guztietan euskara oso txarto dago”
|
bilbo - “Harro” Erlean egindako lanarekin baina “asaldatuta” euskal literaturan eta euskalgintzan aspaldian gertatzen ari denaz. Horrela agertu zen atzo Bernardo Atxaga, Euskal-tzaindiaren egoitzan. Bilboko Plaza Barrian, Erlea aldizkariaren 9. zenbakia aurkeztu zuten goiz partean, eta aldizkariak berak azken urteotan jasotako oihartzun urriak eragin zuen ondorengo adierazpen zaparrada. “Sei urteotan -2009an publikatu zen lehen zenbakia-, mundu politiko konkretu batetik oso erantzun gutxi jaso dugu, bai, baina gurean sarritan gertatzen da hori. Dena den, horrek min gehiago egingo dio mutuari aldizkariari baino”, bota zuen Atxagak.
Azkenaldian, euskalgintzan eta literaturgintzan (Euskadi sariei keinu garbia eginez) ikusi eta sumatu dituenak salatu zituen gipuzkoarrak, metafora argigarri bat erabiliz: “Jendeak ikusten du behi bat, baina esaten diote elefantea dela. Eta, orduan, berak zera dio: pentsa, ze antza daukan behi batekin eta elefantea da. Ba horrela gabiltza, eta horrelako giro akritiko batean, kritikatzen duena hiperkritiko bihurtzen da, eta, orduan, anula-tzen da bide hori. Baina kontuz, jendeak uste du kritika kexua dela, eta ni ez naiz kexu”. Sokari tiraka, euskararen egoera ere makal samarra dela esan zuen Atxagak: “Batzuk diote euskara zoragarri dagoela. Zoragarri? Ematen du broma gaizto bat, oinarrizko leku guztietan euskara oso txarto baitago”. Eta sakondu egin nahi izan zuen: “Heldu gara halako puntu batera, ia itzulerarik gabekoa. Hemendik aurrera, erretorika ohikoak ez du balio. Eta ez gara ari ñabarduretaz, gauza potoloei buruz ari gara. Pasa gaitezke beste mundura triste, bale; pasa gaitezke haserre, bale; baina tontoak bezala ez!”.
pilota Ondo neurtutako haserrealdia izan zen. Aurretiaz, asteasuarrak luze egin zuen berba Erlearen 9. zenbakiari buruz. Zenbaki berria, azkenaurrekoa izango dena, astiro-astiro aletu zuen, pieza ba-koitzari bere garran-tzia emanez. “10.ena izango da azkena, eta horrekin nire hasierako helburua beteko da, hots, euskal literaturan urte hauetan zehar egin den lagin fidagarri bat osatzea”, esan zuen. “Sei urteotan, ehun egile, sor-tzaile batu ditugu -gogoratu zuen- eta harro nago emaitzarekin, antologia moduko bat osatu dugulako, noizbait 2000. buelta honetan euskal literatura zertan zebilen jakiteko baliagarria izango dena”.
Pilota da zenbaki honen aitzakia edo “muin poetikoa”, eta horren haritik tiraka idatzi dute, besteak beste, Sarrionandiak, Koldo Izagirrek, Juan Ramon Madariagak, Arantxa Urretabizkaiak, Ixiar Rozasek, David Romt-vedt, Piarres Ain-tziartek, Xabier Kintanak, Amets Arzallusek edo Kepa Altonagak.
Hamargarrenaren ostean zer datorren ere aurreratu zuen Atxagak: “Antzerkiaz jardungo dugu 10.ean, eta gero Urrezko Erlea izeneko sari batzuk sortuko ditugu, Euskaltzaindiaren laguntzarekin”.