Síguenos en redes sociales:

Sorkun: “Rock and rollaren pisua kendu nahi izan diot disko berriari”

Sorkunek ‘Ziklomorphosia’ plazaratu du, estilo ezberdinetako 11 abestiz osatua

Sorkun: “Rock and rollaren pisua kendu nahi izan diot disko berriari”

donostia - Zazpi urte zeramatzan bakarkako lanik editatu gabe eta gogoz hartu du bere proiektu berria Sorkun abeslari errenteriarrak. Ziklomorphosia bere bakarkako laugarren diskoa da, Sorginetxe kooperatibarekin eta Promomusika promotorearekin batera kaleratutakoa.

“Rock and rollaren pisua kendu diot oraingoan, eta denetariko musika dago diskoan”, azaldu zuen Sorkunek aurkezpenean, proiektu honek estilo ezberdinetako kolaborazioak izan baititu. Northen soula dago, reggaea, musika dantzagarri asko eta, kanta batzuetan, abeslaria ia hitz egiten dabil. “Orain arte egin dudana baino suabeagoa da; rockarekin asko nekatu naiz azken aldian, jada adin bat baitaukat, eta gainera, ahotsak asko sufritzen du”, azaldu zuen.

Ziklomorphosia era guztietako hamaika abestiz osatua dago. Koldo Soretekin (Niña Coyote eta Chico Tornado) film labur baterako egindako kantua dago, Ur azpian izenekoa. Howling Wolfen Spoonful abestiaren bertsio bat ere badago, eta Harkaitz Canok idatzi dion kanta “oso polita”, Gizon laztan izena duena. Hibaika arraun elkarteari ere abesti bat eskaini dio, Iñigo Legorburu bertsolariarekin batera sortutako letrarekin. “Bertan egin nuen arraun denbora batez eta lotura handia dut klubarekin”, adierazi zuen abeslariak, Javi Pezek egindako Astronautak nabarmentzearekin batera.

Guztien artean, beharbada kolaboraziorik handiena Eider Rodriguez idazlearena izan da. “Krisi handi bat nuen nire euskararekin eta horregatik erabaki nuen diskoko testuak nik ez idaztea”, azaldu zuen Sorkunek. Rodriguez bere laguna denez, letrak idaztea proposatu zion. “Lanak testuetan kalitatea izatea nahi nuen, eta hori lortu dut Eiderrekin -jarraitu zuen-. Esaldi bat esaten nion eta berak bazekien zer idatzi”. Bere ustetan, letrak nahiko tristeak dira, eta horregatik nahastu ditu erritmo dantzagarriekin.

Diskoa eskuratu nahi duenak sorkun.eus orrialdera jo beharko du, astelehenetik aurrera. Durangoko azoka pasatakoan, ordea, dendetara iritsiko da. Bestalde, zuzenekoetara joan nahi duenak, Bilboko Kafe An-tzokian izango du lehenengo aukera, hilaren 26an, Liberekin batera.