Síguenos en redes sociales:

Joxemiel Bidador pastorala, urriaren 10ean

Burgoen plazan eskainiko da euskaltzale iruindarraren omenezko ikuskizuna

Joxemiel Bidador pastorala, urriaren 10eanIÑAKI PORTO

iruñea - Joxemiel Bidador (Iruñea, 1970-2010) historialari, filologo, dan-tzari, ikertzaile, irakasle eta idazlearen omenez sortutako pastorala datorren astean ospatuko da, urriaren 10ean, Burgoen plazan. Iruñeko Euskaldunon Biltoki, Karrikiri euskaldunon topagunea, Duguna dantza taldea eta Zaldiko Maldiko kultura elkarteak elkarlanean antolatutako ikuskizunerako zortzi egun besterik gelditzen ez direnean, ekitaldi jendetsua izango dela suma-tzen da, sarreretako asko saldu egin baitira: 700-750 sarreretatik 500 inguru.

Aritz Ibañez Duguna dantza taldeko kide eta ikuskizunaren zuzendarietako bat izan denak atzo azaldu moduan, antolatzaile nagusiak lau izan diren arren askoz gehiago izan dira zuzenean edo zeharka pastoralaren sorkuntzan parte hartu izan dutenak. Ortzadar elkarteak, Muthiko Alaiak, San Lorenzoko Dantzanteak, Tuterako erraldoien konpartsa... “Aberastasun handia eman dio horrek ikuskizunari, herrigintza ekimen bat izan da , eta horrek emanaldian bere isla izango du”, ziurtatu zuen.

Zuberoako pastoralaren tradizioa oinarritzat hartuz, eguerdian emango zaio hasiera ekitaldiari, kalez-kale abiatuko den desfilean, arratsalderako gonbidapen gisa. Karrika-ingurua eguerdiko 12:00etan abiatuko da Aldapa kaletik eta honako karrikak hauek ibiliko ditu: Carmen, Nabarreria, Curia, Mañueta hasiera, Udaletxeko plaza eta Burgoen plaza.

Antolatzaileek atzo aditzera eman bezala, eguraldia kontra izanez gero ikuskizuna Labrit pilotalekuan eskainiko da. Ostegunean ziurtatuko da zein izango den behin-betiko lekua.

Pastorala ikusi ahal izateko, gogoratu Karrikiri dendan (Xabier karrika 4ean) salgai dagoen liburuxka-sarrera erosi behar dela (10 euroren truke) edo, bertaratu ezin izanez gero, lehenbailehen erreserbatu bulegoa@karrikiri.org helbidera mezua igorriz edota 948 225 845 zenbakira deituz. Auzolanean eginiko muntaia berezi hau lagundu nahi izanez gero, bada pastoralaren zapia 8 eurotan salgai, eta liburuxka eta zapia erosiz gero, prezio merkeagoa eginen dugu, biak 15 eurotan salduz.

Joxemiel Bidadorren lana ezagu-tzera emateko helburuarekin eta pastoralaren osagarri moduan, bi hi-tzaldi antolatu dira datorren astera begira, biak Zaldiko Maldiko Elkartean 20:00etan izango direlarik. Alde batetik, Joxemiel Bidador dantzan, astelehenean, Patxi Laborda dantza maisuaren eskutik; eta asteazkenean, Joxemiel Bidador eta Mendigatxaren sindromea, Patxi Larrion historialariak eskainiko duena.

kontutan hartzeko

Hainbat ekitaldi. Astean zehar bi hitzaldi eskainiko dira Joxemiel Bidadorren lanaren inguruan. Larunbatean, eguerdiko 12:00etan karrika-ingurua izanen da arratsaldeko ekitaldiaren aurretik.