Bizkaiko kostaldeko herri kasta batean hasi zen dena, 1945ean. Hantxe jaio zen Juan Antonio Zubikarai, Erribera 36ko etxean, “orduan etxean jaiotzen baikinen”, bere arreba Beatrizek gogoratzen duen moduan. Kirola ez, baina hondartza bai, gustuko zuen Antxonek, eta musikarako joera erakutsi zuen goiz. “Anaia nagusiak ondo jotzen zuen pianoa, baina Antxonek hobeto, sentimendu handiz jotzen zuelako, adituen arabera”, gainera-tzen du Beatrizek. “Argia zen, eta oso exijentea”, dio ondarroarrak.
Atzo zendu zen Zubikarai, 70 urte zituela, baina ezagutu zutenek ez dute inoiz ahaztuko. Bi dohain nabarmentzen dituzte denek: jakin-tsua zela, eta, era berean, apala. Amatiñok DEIA egunkariaren hastapenetan ezagutu zuen, biak Kulturan koin-tziditu zutela; eta, beranduago ere bai, zuzendariorde aritu zenean. “Ezagutu nuenean jada bazen eruditua, eta orain konturatzen naiz 30 urte eskas zituela!”, dio kazetariak. “Era berean -gaineratzen du- ezagutu dudan gizonik apalenetakoa zen, gehiegizkoa ere bai. Inoiz ez zen haserretzen. Gizon ona zen, onegia mundu honetarako”.
Cecilio Gerrikabeitiak ere antzerako kontuak aipatzen ditu. 32 urtez Bilboko Koraleko presidente izan zenak azpimarratzen du Zubikarai “asko zekien gizona zela”, baina ez musikaz bakarrik, “asko baitzekien etnografiaz, dantzaz, historiaz, literaturaz... Asko bidaiatu genuen elkarrekin eta leku guztietako historia zekien. Eta bazuen bertute bat: bazirudien ezer ez zekiela, apala baitzen”.
Zubikarairekin harreman estua izan duen Koldo Narbaizak ere beste horrenbeste dio. Politikariak hamaika bidaia eta bizipen konpartitu zituen ondarroarrarekin: “Oso jakintsua zen, errenazimenduko gizona. Beti ikasten nuen zerbait berarekin. Maisu bat izan da niretzat”. “Bizkaian eta Euskal Herrian egin diren ekintza askoren atzean egon izan da Antxon -agertu du politikariak-. Esaterako, niri asko lagundu zidan Ziortzako kontzertuak antolatzen hasi nintzenean, eta beste askori ere bai”.
Leopoldo Zugaza kultur eragileak gazte-gaztetatik ezagutu zuen Antxon. “Augustinekin nengoela ezagutu nuen, bera ikaslea zela. Kazetaritza ikasten zebilen, eta bere itxaropenei buruz hitz egin genuen. Familiatik zetorkion jakinminarena, irakurzaletasunarena, bere aita, bere osaba... etxean bazuen eredurik. Eta horrela, astiro-astiro, edozenbat meritu metatu zituen Juan Antoniok, hori baitzen benetako izena. Behin, berak esan zidan ni nintzela horrela deitzen zion bakarra”, gogoratzen du durangarrak. “Zelakoa zen bera? Gizon serioa, arduratsua, herrikoa, bere presentzia hutsak, manifestatzeko zuen moduak, dena esaten zuen. Faltan hartzen dira horrelako pertsonak, orain inprobisatzailez gainezka baigaude! Bera ez, bera zuhurra zen, burutsua, gauzak ondo pentsatu ostean esaten zituena”, nabarmendu du Zugazak.
Eta gomuta beti amaitzen da leku berdinean: “Denetarik zekien asko, eta bere lanbidean ere argi zituen kontuak, esaten baitzuen egunkarietan kultura atzeko partean doan bitartean gauzak ez direla ondo joango. Eta DEIA egunkariari erabat entregatuta zegoen, hori zen bere bizitza. Hori eta musika, jakina”. Carmelo Bernaolarekin osatzen zuen bikoa itzela zela aitortzen du Zugazak: “Biak ziren handiak, detailezale. Juan Antonio seinalatuz, Bernaolak tarteka esaten zuen esaldi bat gogoratzen dut: hemen musikaz dakien bakarra hauxe da. Gogoratzen dut, baita, Euskal Operaren inguruko liburua nola itzuli zuen Zubikaraik, bertsio izugarri ederra eginez”. “Eta badut azken anekdota bat -zarratzen du Zugazak-: garai batean Bizkaiko Aurrezki Kutxak antolatzen zituen XX. Mendeko Musika Kontzertuak, eta aurrekontua murriztu zenez, zikloa kentzeko zorian egon ziren. Baina Zubikaraik kontzertuen ederra eta balioa defendatu zituen egunkarian, eta artikulu horri esker ez zire ezabatu”.
Karmelo Errekatxo musika kritikariak ere Zubikarai ondo ezagutzeko aukera izan zuen, urte luzez. DEIAn ezagutu zuten elkar, lagun egin eta ordutik hartu-eman handia izan zutela. “Bere laguntzailea nintzen DEIAn, eta agindu zidan lehen gauza Donostiako Hamabostaldia jarraitzea izan zen; orduan Miguel de Arriaga ezizena erabiltzen nuen. Bizpahiru urte egin genituen elkarrekin, beste egunkari batera pasa nintzen arte”, akordatzen da Errekatxo. Orduan bertan sumatu zuen kazetariak Antxonen berezkoa: “Oroimen izugarria zuen, arte guztietarako gustu fina, entziklopedia bat zen, nik ezagutu dudan bururik bikainena. Baina ez bakarrik hori, Antxon lagunen laguna baitzen, humanitate handiko gizona. Miresten nuen, goitik behera”.
Bizipen ugari partekatu zituzten biek, gehienak samurrak. “Esaterako, Hamabostaldian bat egiten genuenean, denbora ez zuen neurtzen, eta goizaldeko ordu txikietara arte egoten ginen berbetan. Bernaolarekin egoten zenean ere gauza ederra zen biei entzutea; denetarik jarduten zuten, batez ere musikaz, baina beti amaitzen zuten gai berberarekin: beraien bihotzeko Athletic. Gero, Johannes Brahmsen zale sutsua zen, eta inspiratuta bazegoen, pianoa hartu eta haren sonata batekin harrituta uzten gintuen”. Zubikarai “pertsona eskuzabala” zela dio Errekatxok, larregi ere bai”.
Hamabostaldiaren zuzendari ohi José Antonio Echeniquek ere maitasun handiz gogoratzen ditu Antxonen ondoan eginiko orduak. 80. hamarkadan ezagutu zuen, baina 1986 eta 87an egin ziren lagun: “Une gogoangarriak konpartitu genituen. Gogoan dut bat, oso berezia: 2002ko ekainaren 2an Bernaolaren hobiratzetik bueltan, Arrigorriagako atseden leku batean babestu ginen, Altubeko gainean itzelezko euri-zaparrada jasan ostean. Orduan, Escudero ere hil zela abisatu zioten Antxoni DEIAtik. Emozioz betetako unean ziren eta musikaren bitartez heriotzaren interpretazioaz hausnatu genuen, eta bat egin genuen epaian, hots, kantu gregorianoko Oficio de Difuntos lako piezarik ez dagoela horretarako”. Bere izaerari erreparatuz, zuhurra zela dio Echeniquek: “Behatzaile itzela zen eta umore fina zuen. Asko zekien eta beti zegoen bere ezagutza konpartitzeko prest. Eta ezin ahaztu perretxiko zale handia ere bazela”.
Hileta elizkizuna gaur izango da, Ondarroako Andra Marin, 19:00etan. Bizitzan cum laude, eta, zauden lekuan zaudela, beti cum laude. Egongo ote da pianorik zeru-zabalean?