‘Haur besoetakoa’, Paristik jasotako oparia
Euskal literaturako lehen liburu erotikoa dela dio Edortak, “erotikatik harago” doan maisu lana
BILBO - “Euskarazko lehen liburu erotiko bezala kontsidera daiteke Haur besoetakoa. Aurretiaz balada tradizionaletan edo bertso-paperetan agertzen da erotismoa, sinboloen eskutik eta zentzu bikoitza erabiliz, baina liburu honetan erotismoak karga handia dauka”, aitortu du Edorta Jimenezek. Baina ez hori bakarrik, erotikatik haragoko as-moak sumatzen baitira liburuan: “Burgesiaren itxurakeria eta moral bikoitzari ematen dio egurra”.
Hortaz, liburuaren bidea ez zen erraza izan. Jon Mirandek 1959an bukatu zuen Haur besoetakoa, baina ez zuen editorerik lortu. Lapurteraz idatzita zuen baina gipuzkeraz jarri zuen ondoren, pentsatuz horrela argitaratuko ziotela. Azkenik, Lur argitaletxeak plazaratu zion, 1970ean, Arestiren aurkezpen kritiko batekin. Paristik zetorren haize berria euskal letretara, baina Miranderen lanak laster piztu zuen polemika euskal gizarte kontserbadorean. Nobelaren argumentua probokatzailea da, baina, horrezaz gain, intzestua, pedofilia eta suizidioa bezalako gai tabuak jorratzen ditu. Kontakizuna baino lehen ohar bat zekarren 1970eko edizio hark, “liburua haur listoen eta gizon tontoen eskuetatik urruti gorde” behar zela esanez. Polemikak onurak ere ekarri zizkion lanari, eta ehunka ale saldu ziren, ordutik nobelaren edizio ugari egin direla. Honela, ezinbesteko eleberria bihurtu da euskal literaturaren historian. Argumentua ez da nolanahikoa: Familia diruduneko gizon batek bere iloba eta haur besoetakoa etxean hartuko du umezurtz gelditzen denean. Gizona, nazka besterik eragiten ez dion emakume batekin ezkontzekotan dagoela, 11 urteko neskatoaz maiteminduko da, jende guztiak gaitzetsiko duen maitasun istorioa hasiz. - I.M.E.