Pier Paul Berzaitz: “Euskal kantagintzak berpizkundea bizi du, belaunaldi berrien eskutik”
Zubetorrak Leteren azken poesia liburuan oinarritutako kantak abestuko ditu igande honetan Arriagan, Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxorekin
BILBO - Hogeita bi urte dira Pier Paul Berzaitzek Baratze bat kantuaren lehen notak abestu zituenetik. Bilbon izan zen, Arriaga Antzokian, Harizpe pastoralaren estreinaldian. Ordutik bi hamarkada baino gehiago igaro dira, hogeita bi urte eta baratzaren hogei bertsio baino gehiago. Kantari zuberotarrak, ordea, hura ahotan duenean beti du bihotzean Harizpe, eta Bilbo. Igandean berriro kantatuko du bilbotarren aurrean “Baratze bat nahi deizüt egin” famatua, Egunsentiaren kantak ikuskizunaren parte izanik. “Herritarrekin honaino etortzea Zuberoako pastorala egitera mirari moduko bat izan zen garai hartan; oso esperientzia berezia izan zen guretzat guztiontzat, eta jendeak oraindik Bilboko ikuskizun hartaz eta Arriagaz hitz egiten dit elkartzen garenean”, aitortzen du, irribarrea ahoan.
‘Egunsentiaren kantak’ ikuskizunaren atzean Xabier Letek hil aurretik egindako enkargu bat dago; “misio garrantzitsu” bat, zure hitzetan.
-Hala da. Ia berrogei urte dira Xabier Lete ezagutzen dudala eta niretzat oso garrantzitsua izan da beti, pertsona eta profesional mailan. Xabier, eta bera bezalako beste hainbat, mundu mailako artista handiekin konparatzen ditut nik. Beti pentsatu dugu Euskal Herria txikia dela, baina haien lana, haien ikuspuntua, haien poesia... munduko olerkari handien lanen parean daude. Gogoratzen dut Letek bere azken poema liburua idatzi zuenean, Egunsentiaren esku izoztuak titulua duena, egun batean esan zidala: Pier Paul, honek musikatzea behar du, hartu nahi dituzun olerkiak eta egin zure erara. Hasieran broma bat zela pentsatu nuen, baina berak Joxe Angel Arbelaitz musika sustatzailearekin hitz egin zuen eta azpimarratu nahi izan zuen ez zidala esateagatik esan. Olerki guztietatik hamar edo hamabost bat musika-tzeko asmoa zeukan, eta agian disko bat egin. Ideia horrekin abiatu nin-tzen eta gero nola egingo nuen pentsatzea tokatzen zitzaidan. Alde batetik, Erramun (Martikorena) bezalako kantari enblematiko bat hautatu genuen. Bestetik, Magali (Zubillaga) eta Estitxu (Pinatxo), bi neska gazte, haiek ere Xabier Lete hobeto ezagutzeko aukera izan zezaten, bere olerkiak kantatuz.
Hamar edo hamabost bat olerkiri musika jarriko zeniola agindu zenion eta oraingoz seik ikusi dute argia. Lanean jarraitzeko asmoa duzu oraindik?
-Bai, martxan dago proiektua, ez nuen nahi momentuz kontzertu oso bat egitea. Batzuetan olerki luzeak izaten dira eta metrikaren kontua ere hor dago. Xabierrek askatasun handia hartu zuen liburua idazterakoan eta horrek zaildu dezake musikatze hori. Horregatik uste dut zatika eman behar direla; kontzeptu bat, bi edo hiru aurkeztu. Nik ere ez ditut segidan egin hamar edo hamabost horiek, tarteka hartu ditut. Gainera, kantaldi honetan nirekin dauden gainerako artistek ere euren errepertorioko abesti bat edo bi abestea nahi nuen.
Taldekideak aipatu dituzu, eta zuen artean ibilbide luzeko kantariak eta belaunaldi berriagoak uztartzeko hautua egin duzue.
-Egia da. Gaur egun euskal kantagintzan askatasun handia dago eta horretaz harro senti gaitezke. Gazte askok kantatzen dute eta eurek ere laguntza merezi dute, ez baita erraza kantatzen hastea. Bestalde, nik aspalditik ezagutu ditut Euskal Herriko mugimendu guztiak eta uste dut gaur egun badela berpizte bat euskal kantugintzan, belaunaldi berrien eskutik, eta gure publikoak berriz eskatuko dituela euskal abestiak. Egunsentiaren kantak kontzertuaren kasuan, Erramun Martikorena bezalako artista konfirmatu bat hautatu dut, agian Euskal Herria osoko kantaririk enblematikoenetarikoa. Erramun niretzat enblematikoa da, naturalki bizitzen du bere lanbidea eta publikoari optismismo moduko bat ematen dio, hau da, argi bat bezala pizten da kantatzen hasten denean. Talentu handiko bi neska gazte egongo dira gure alboan, eta beste maila profesional batera egingo dute salto. Honekin esan nahi dudana da oso mugimendu dinamikoa dagoela euskal kantagintzaren munduan, aberastasun handia, gure baratzean bizi berezi bat badela sentitzen dut. Lan hori profesional bihurtu behar dugu eta elkarri lagundu, posible den neurrian.
Profesionalizatzea falta zaio euskal kantagintzari, beraz?
-Agian pixka bat bai. Baina, hala ere, gure inguruari begirada bat botata ikus daiteke profesional asko badagoela. Ni, esaterako, Zuberoan bizi naiz, baina baita Biarno aldean, Okzitanian, ere. Okzitaniako egoerari erreparatuta, uste dut guk indar handia dugula eta gauza on asko badela hemen, aurrerapausoa eman dugu. Han badaude gu duela hogeita hamar urte hemen ginen bezala. Uste dut hamarkada bat igaro dugula non ez zen sorkuntza anitz, baina berriz sentitzen dut badela zerbait ona gure herrian. Beraz, profesional bihurtzen jarraitu eta berritu behar dugu gure lana, eta antzoki hau bezalako lekuetatik pasatu, baldin eta publikoarengan etengabeko sorpresa sortu nahi badugu. Ezin diogu (publikoari) ezer eskatu guk esfrotzua egiten ez badugu. Gure lan hori defendatu behar dugu eta mailarik gorenean jarri. Lehia handia dago, baina euskal kantak ez du izan behar bigarren mailako gauza bat. Nik ezagutu dut garai bat non oso militantea zen eta mugimendu sozialei lotuta zegoen, baina gaur egun funtzio hori aldatu dela kontuan hartu behar da.
Egoera berria du begi aurrean.
-Horixe. Esan dudanez, garai batean oso militanea zen eta nik askotan abestu izan dut gitarra soil baten laguntzarekin bakarrik. Orain beste funtzio bat du euskal kantagintzak, nahiz eta funtzio sozial hori beti izango duen. Gizartearen ispilua da eta modu horretan ezagutzera ematen dugu zer den gaur egun gure Euskal Herria. Baina edertasuna, hizkuntza, ere ekarri behar ditugu eta publikoari eskaini, une goxo bat igaro dezan. Orain gure herriko kantagintzaren arloak bere funtzio tradizionala berriz hartu duela esango nuke, baina beti izango du izaera berezi bat, gure egoera ere halakoa delako. Agian testuingurua ez da lehen bezain bortitza, baina zerbait defendatzen jarraitzen dugu euskal kantuaz eta hori beharrezkoa da.