donostia - Txirri, Mirri eta Txiribiton zaharrak duela bi urte jaitsi ziren taula gainetik. Orduan, haien ondorengoek junior etiketa kendu eta pailazoen lekua hartu zuten. Ia hamabi urte pasa dira juniorrak sortu zirenetik eta aldaketa ugariren ostean, Fernando Ruiz (Txirri), Kattalin Ansorena (Mirri) eta Juanma Zaldua (Txiribiton) dira taldekide berriak.

Hala ere, jaso duten herentzia pisutsua da, eta horrela onartzen dute hirurek. “200 kanta baino gehiago dauzkagu, eta baita marka bat ere, oso garrantzitsua”, azaldu du Kattalin Ansorenak, Piter Ansorena Mirri zaharraren alabak. “Musika oso tresna ona da, eta ziur nago kalitatezko musika eskain-tzen dugula” gaineratu du. Bere ustetan, musika haurren belarria hezitzeko tresna ezin hobea da. Bestalde, pailazoek 40 urtetan zehar lortutako ospea goraipatu du gaur egungo Mirrik. “Euskararen alde zerbait egiteko hasi ziren, eta Euskal Herriko lehen pailazoak izaten bukatu zuten”.

Berpizte lana Bi urte hauetan taldea berpizten agortu dituzte indar gehienak. Talde historikoak langa oso altu utzi zuen eta aldaketa gogorra izan zitekeen. “Esaten genuen jendeak lehengoak maite zituela, baina aitak esan zidan pertsonaiak berdinak izaten jarrai-tzen dutela, Txirri, Mirri eta Txiribiton”, gogoratu du Kattalin Ansorenak. Herentzia hori ahalik eta hobekien mantentzeko, laguntza izan dute. Beren lehenengo gira egin baino lehen, John Andueza izan zuten zuzendari, telebistan ere pailazoak gidatu baitzituen. “Aste Santuan bi aste egon ginen eta berak atera zizkigun gure barruko Txirri, Mirri eta Txiribiton”, onartu du pailazo berriak.

Baina lehengo pailazoen lagun-tza ere ezinbestekoa izan da. “Askotan etorri dira gu ikustera, eta zer hobetu behar dugun esan digute”. Azkeneko gira egin zutenean ere beren irakasleak izan ziren (“beti erakutsi digute nahi dutela guk honekin jarraitzea”). Gainera, gaur egun ere, normalean Piter Ansorenak egiten ditu gidoiak. “Aita eta biok elkartzen gara ideiak bota-tzeko, eta bereak dira beti hoberenak”, aitortu du. Horrela, pailazoen esentzia mantentzea lortu dute: “Eta uste dut horregatik daukagula arrakasta”.

Izan ere, ikuskizunetan oso harrera ona izaten dute. “Guraso askok maite gaituzte beren haur-tzaroan egon garelako eta haurrek bezala kantatzen dute”, adierazi du artistak. Hala ere, umeekin ere erraz konektatzen dute. Batzuk beldur diren arren, askok besarkatu egiten dituzte. “Maite zaitut, Mirri’, esan zidan lehengoan haur batek”, gogoratu du.

Antzokiak betetzen ditu pailazo talde honek, eta urtean emanaldi ugari eskaintzen ditu. Ez dute egoera txarra bizi. “Pailazoen merkatua badago, talde asko daude eta denok egiten dute lan -jarraitu du Ansorenak-. Baina egia da oso zaila dela, gauza asko ordaindu behar baitira”. Jakina, Txirri, Mirri eta Txiribiton ez dira pailazokeriei esker bizi. Bakoitzak badu bere lanbidea, “bestela beste prezio batzuk jarriko genituzke ikuskizunetan”.

Konpetentziari dagokionez, patxadaz hartzen dute kontua. “Pailazo gehienekin ez daukagu harremanik, ez baitugu elkarrekin topo egin”, onartu du, eta Poxpolo eta konpainiarekin eta Gari, Montxo eta Joselontxorekin oso ondo moldatzen direla gehitu du. “Hala ere, pena da ez dugula pailazoen elkargunerik, gure artean ezagutzeko”, esan du.

Etorkizunari begira, beren erronka modu berdinean jarraitzea da. Kalitatezko ikuskizunak eman nahi dituzte, eta antzokiak betetzea oso eskertzekoa iruditzen zaie. Bestalde, aurreko ikuskizuna DVDan plazaratu nahiko lukete. “Eta, azkenik, askotan esaten dugu gure disko propioa atera nahiko genukela, gure abestiekin, baina ez da erraza”.

‘txutxupe!’ Iaz arrakasta handia lortu zuten Terapia izeneko ikuskizunarekin. Aurten, berriz, Txutxupe! sortu dute. Pailazo zaharrek 2009an kaleratu zuten disko bat izen horrekin. “Lema zera zen: tranparen aurrean, bizitzako edozein alderditan, Txutxupe esan behar dela, protestatu egin behar dela”, azaldu du.

Istorioa honela hasten da: jolasean dabiltzan bitartean, negozio gizon tranpati bat etorriko zaie. “Eta horregatik Txutxupe, hari esan nahi diogulako”, azaldu du artista gipuzkoarrak. Mus Dekakamokordo izena du pertsonaia berriak. Txikitatik oso diruzalea den pertsonaia da, eta dirua biltzen baino ez daki, “negozioa egiten, jendea engainatzen”. Bere izena diskoko abesti batetik dator, eta bertan kontatzen du pertsonaia honek plastikoetan kakamokordoak sartu eta saldu egiten dituela. “Gaur egungo zikinkeriei kritika egiteko modu bat da, denok erosten baititugu gauza horiek”, gaineratu du. Plastikotan sartuta dagoena erraz saltzen dela erakusten du kantak, eta baita atzean diruzale batzuk daudela ere.

Pertsonaia berriari dagokionez, Ansorenaren kapritxoa izan zen, ikuskizunean norbait sartu nahi baitzuen, eta, azkenean, pailazo familia honetako kide batek interpretatzen du. Izan ere, Kattalinen anaia Peruk egiten du pertsonaia horren papera: “Oso ondo ari da, inoiz ez da taula gainean aritu eta aita eta biok harrituta gaude”.

Ikuskizun berria Euskal Herriko ia bazter guztietara eramango dute, tartean, Mungian, Bilbon eta Ermuan izango direla. Gabon inguruko egun seinalatu hauetan barre zaparrada ziurtatuta dago betiko pailazoekin.