BILBO - Fermin Muguruzaren Black is beltza proiektu berria ikusgai izango da Bilboko Alondegian azaroaren 13tik 2015eko otsailaren 8ra arte. Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete ilustratzaile mexikarrarekin batera sortutako Black is beltza eleberri grafikoaren inguruan sortutako proiektu honek erakusketa bat eta hainbat ekintzaz osatutako egitaraua ekarriko ditu Bilbora.

Musika, maitasuna eta iraultza nahasten dituen akzio eta espioitza istorio honek 1965eko New Yorkeko Erakusketa Unibertsalean Iruñeako erraldoiek izandako presentzia du abiapuntu. Izan ere, egunkariko argazki bati esker aurkitu zuen egileak proiektua burutzeko motibazioa: “New Yorken, 1965ean ateratako argazki bat zen. Bertan, Iruñeako erraldoien konpartsa agertzen da, New Yorkeko 5. hiribidetik desfilatzen. Arrazagatiko istiluak zirela eta, erraldoi beltzen parte-hartzea debekatu zela aipatzen zen argazki-oinean. Hori irakurtzean istorioa hemen zegoela jakin nuen”.

Gertaera historiko honetatik abiatuz, Muguruzak Manex Unanueren kontakizuna eraikitzen du, eta Iparraldeko gazte euskaldun honen begietatik hirurogeiko hamarkadaren erdialdean jazotako gertakari nagusiak kontatzen ditu: Malcolm X erail ondorengo arrazagatiko liskarrak, Andy Warholek sortutako The Factory estudioa inguratzen zuten pertsonaien istorioak, garaiko musika jaialdietako psikodelia hippiak izandako eragina edo Frankoren diktadura, besteak beste.

Black is beltza proiektuaren barruan kokatzen den erakusketak istorioa sortzeko erabilirako materiala eta irudi adierazgarriak bilduko ditu, garaiko egoera soziopolitiko eta kulturala ulertzen laguntzeko ikus-entzunezkoekin batera, ikuslea Manexen abenturarekin batera bidaia egitera gonbidatuz. Horrez gain, proiektua ikusgai egongo den hilabeteetan, espazio honek komikigintza, musika, zinema, literatura edo gastronomiarekin lotutako jaduerak bilduko ditu. - L.Eguskiza