“Bertsoz paratutako obra honekin publikoa hipnotizatzea lortu dugu”
Mikel Martinez, Patxo Telleria eta Joseba Apaolazak Campos Elíseos-en taularatuko dute ‘Pankreas’, bihar eta etzi
BILBO - Urte hasieran aurkeztu zuten Arriagan, arrakasta handiz, eta udagoienarekin batera itzuli dira Bilbora. Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Joseba Apaolazak Pankreas taularatuko dute bihar eta etzi Campos Elíseos Antzokian (20:00etan). Gaixotasuna, suizidioa, herio-tzarekiko beldurra... Gai potoloak jorratzen ditu tragedia eta umorea abileziaz uztartzen dituen antzezlan honek. Baina ez da obraren ezaugarri bakarra, istorio osoa bertsoz kontatzen baitute, ironiaz eta zorroztasunez betetako elkarrizketen bidez. “Nik esatea ez dago ondo, baina publikoa hipnotizatzea lortu dugu obra honekin; begira geratzen dira, barre egiten dute, ikuslea islatuta ikusten da, jendeak konpartitzen dituen kezkak agertzen ditugulako oholtza gainean”, azaldu du Mikel Martinezek.
Eta Pankreas-ek ekarri ditu, baita, bestelako ezusteak, Mikelek berak nabarmentzen dituenak: “Liburu bat atera dugu Patxoren gidoiarekin, obra hau irakurtzekoa ere badelako, jende askok eskatu digulako. Beraz, liburua ere Camposen egongo da salgai, bost eurotan”. Horrez gain, Esloveniara egin du jauzi Telleriaren lanak, Etxepare institutuaren eskutik: “Irakurketa bat egin dute gaur bertan, eslovenieraz, eta bertsotan egitea pentsatu dute, testuaren espiritua errespetatuz. Kontu hauek garrantzitsuak dira, gure lanak kanpoan erakusteko aukera gutxi izaten dugulako”. Pankreas-en bidea ez da hor agortuko, datorren urtean Madrilen erakusteko asmoa baitaukate. “Euskaraz eskaintzen dugu momentuz, ia gure lan gehienekin gertatzen den moduan, baina datorren urtean gazteleraz egingo dugu, Madrilen eta agian Bilbon ere bai”, aurreratu du aktore bilbotarrak.
Bertsoz eramandako gidoiak bestelako erritmoa eransten dio obrari, Martinezek azaltzen duen moduan: “Jendeari bitxia begitan-tzen zaio, bai. Aurreko batean, Gasteizen egin genuen emankizunera Jon Sarasua etorri zen, eta esan zigun asko gustatu zitzaiola”.
hiru lagun Hiru lagun oholtza gainean. Batek pankreas trasplante baten premia dauka; bigarrenak 60 urte betetzerakoan bere buruaz beste egingo duela agintzen du, alzheimerra saihestu nahian; hirugarrenak biak batuko ditu eta proposamen bat egingo dio bigarrenari, hau da, suizidioaren epea aurreratzea, beste lagunari bizitza salbatzeko. Hortik abiatzen da antzeslana. Pankreas Patxo Telleriaren testu batean oinarrituta dago (Andoni Egañak begiratua) eta Jokin Oregik zuzendu ditu hiru aktoreak. - Iñaki Mendizabal