Síguenos en redes sociales:

Itsas arkeologiaren leienda berpiztuko dute Pasaian

Albaola elkarteak 1565ean Ternuan hondoratutako ‘San Juan’ ontziaren erreplika eraikiko du 2016rako

Itsas arkeologiaren leienda berpiztuko dute Pasaian

pasaia - Duela ia 500 urte, aitzindariak izan ziren euskaldunak itsasoaren ustiapenean, baita ontzigintzan ere. Gure herria itsasoari begira bizi zen, neurri handi batean. Horrela esanda, harropuzkeria dirudi, baina egia biribila da eta ozen esan beharra dago, Historiako liburu potoloetan ez baita beti agertzen aspaldiko euskaldun haien balentria. Pergamino-paperetan lozorroan egon diren gertakari horiek agerian jartzea da Albaola Itsas Kultur Faktoriaren zereginetako bat, eta aurrerantzean San Juan ontzia baliatuko dute horretarako. Dagoeneko, 1565ean Labradorren hondoratutako ontzia itsas arkeologiako leienda hutsa da, eta bi urtetan bere erreplika bat eraikiko dute Pasaian.

Aste honetan bertan inauguratu dute Pasaiako Ondartxo ontziola berriztatua, eta laster ikusgai egongo den erakusketa bikaina ere erdi onduta dago. Etorkizunean, itsas eskola sortuko dute (Itsasoko nabegazionekoa) eta Europa zein Kanadako bazter ugari bisitatu nahi dituzte, San Juan ontzia gure herriaren ordezkari eta ikur bihurtuko dela. Donostia Kulturaren Europako Hiriburu egitasmoak lagunduta, “Euskal Herriko itsas-ondarea maila gorenean” aurkeztu nahi diote munduari, Albaolako presidente den Xabier Agotek azpimarratzen duen legez.

Baina, zer da San Juan eta zer irudikatzen du? Agotek dotore azaltzen du dena: “Lehen zamaontzi transozeanikoa izan zen San Juan, gehienetan bale-olioa garraiatzeko erabiltzen zena. Atlantikoa zeharkatu behar zen jende askorekin eta euskaldunek den dena eraman behar zuten Labradorrera, oso leku bakartia baita, ia-ia basamortua. Ahalmen handiko itsasontzia da; bi gainalde edo kuberta ditu, 28 metroko eslora (22 flotazioan), 7,5 metroko zabalera, eta gilatik goiko kubertaraino sei metro. Tipologia berri bat zen, autonomia handiko ontzia, euskaldunek behar berriei aurre egiteko asmatu zutena. Aditu guztien arabera, euskaldunen ekarpena izan zen baleontzi edo nao hau. Baina, esan bezala, guretzat San Juana ontzi bat baino gehiago da, tresna bat da Euskal Herriko itsas kultura kanpoan zein hemen ezagutarazteko”.

albaolaren jarduna Euskal itsas ondarea babesteko eta berreskura-tzeko asmoz sortu zen Albaola elkartea, duela hamabost bat urte, eta ordutik goraka egin du etengabe. “Urtetik urtera urratsak eman ditugu eta Albaolaren proiektua handi-tzen joan da. Albaolaren formatoa irekia da, jendearen parte hartzea bultzatzen duelako, eta horrek asko lagundu digu gauden lekura heltzen”, aitortu du Agotek. Urteak darama-tzate Kanadako gobernu eta itsas erakundeekin elkarlanean, Apaizak Hobeto lako proiektu ederrak bultza-tzen, ontzi tradizionalak berreskuratu edo eraikitzen. “Beraz, honaino heltzea ez da kasualitate hutsa”, esan du ikerlariak.

Aurrerantzean ontzi zaharraren erreplika egiten emango dituzte ondorengo bi urteak, Donostia 2016 egitasmoaren babesean. Erronkak ez du aurrekaririk, beraz, aitzindaria da mundu mailan: “XVI. mendean erabiltzen ziren materialak erabiliko ditugu, eta beraiek egiten zuten modu berean eraikiko dugu zamaontzia”.

Proiektu guztiak bi milioi euro inguru jaso ditu, eta Hiriburutzaren ekimenik garrantzitsuenetakoa da, inportanteena ez bada. Agote kon-tziente da egitasmoaren garrantziaz: “Milaka bisitari espero ditugu Pasaian, herriari ere lagunduko diola kontu honek. Batetik, kanpotik etorriko da bisitari asko, Donostia 2016aren aitzakiarekin, eta, bestetik, euskal herritarren bisita jasoko dugu. Gure komunikazio eta turismo arduradunak aspalditik ari dira hori dena lan-tzen, Oarsoaldeako garapen departamenduarekin batera”. 2017rako San Juan nabigatzen ikustea da erronka nagusia. Hala onartzen du Albaolako presidenteak ere: “Hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetara bidaiatu nahi dugu, eta kanadiarrek ere eskatu digute baleontzia hara eramatea, Ternuara. Behin egin genuen, baina ontzi honekin joatea itzela li-tzateke, amets bat”.

Agoteren alboan beti egon da Jon Maia. Bertsolaria Donostia 2016ko Lurralde Hedapen arduraduna da eta San Juanaren lagunen sarearen sor-tzailea. Sare honek “San Juanaren materialen hornitzaileak bilatzea du xede, batetik; eta, bestetik, proiektua Euskal Herri osora hedatzea”.