bilbo - Ertibilek bide ausarta aukeratu du azken urteotan. Egia esan, hasieratik izan du joera hori, baina azkenaldian, artea egiteko edo sor-tzeko molde eta formato berrien ezarkuntzarekin, are ausartagoa da bere apustua. Horren jakitun da Bizkaiko Aldundia, eta bide berriei bide ematen die urtero, lehiaketa interesgarri eta ikusgarri honen bitartez. "Aurten, eskultura, argazki eta pintura desberdinek arte garaikidea ikusi eta ulertzeko forma desberdinak transmititzen dizkigute. Era berean, hausnartzeko gonbidapena egiten digute, sentsazio berriak bizi-tzeko modua eskainiz, bai ikusleoi, bai sortzaileei beraiei", esan zuen Josune Ariztondo Kultura diputatuak, 30 urte dituen egitasmoari segida emanez, beste behin.
Ertibil Bizkaia ikus-arteen erakusketa ibiltariaren 32. edizio honetan 35 urtetik beherako 104 artistek parte hartu dute eta 141 obra aurkeztu dira, pintura, eskultura, argazki eta bideo modalitateetan. Epaimahaiak hamalau obra aukeratu ditu eta hiru sari berezi eman dizkie beste horrenbeste lanei, haien balio artistikoei erreparatuz. Aurten, Petra Maria Jossek, Kepa Garraza Alvarezek, Miren Arenzana Letamendik, Jaime Cuenca Amigok eta Ana Salaverri Monfortek osatu dute epaimahaia, eta hiru artista saritu dituzte: Maria Azconak (Iruñea, 1991) jaso du lehen saria, Kristina Losarentzat (Gasteiz, 1988) izan da bigarrena, eta hirugarrena Oihana Torrerentzat (Bilbo, 1981).
Erakusketa Bilboko Rekalde aretoan egongo da, uztailaren 6ra arte. Hortik aurrera Leioa, Lekeitio, Gernika, Barakaldo, Basauri, Elorrio eta Sestaon ikusi ahalko da. Iaz gertatu zen legez, Bizkaiko lurraldetik kanpo ere aterako da, Gasteizko Montehermoso Kulturunera, hain zuzen.
Ariztondok lehiaketan parte hartu duten artista guztiak zoriondu zituen atzoko agerraldian, eta ondoren hautatu eta saritutako artistak aipatu zituen. "1983. urtean bideari ekin genionean izan genuen ilusio berberarekin ospatzen dugu Ertibil Bizkaia erakusketa, eta hori beraiei esker da, neurri handi batean. Arte gaztea da hemen daukaguna, ausarta eta apurtzailea, interpretazio zabalak eskaintzen di-tuena, gauza jakinei edo ezarritako ikuspuntuei ihes eginez", azpimarratu zuen diputatuak.