donostia - Duela 15 urte Hesiak (Esan Ozenki, 1999) hirugarren diskoa kaleratu zuten eta 2000. urteko abuztuan taldea desegitea erabaki zuten. "Astean hiru aldiz entseatzen genuen eta konturatu ginen jo baino, nahiago genuela afaltzera joan", azaldu zuen herenegun Kashbad taldeko Sorkun Rubiok. Orduan konturatu ziren zerbait oker zebilela eta, akaso, "saltsa" itzaltzen ari zela. Aurrerago etorri ziren lan kontuak, bizileku aldaketak, seme-alabak? Halere, lagun minak izan dira beti eta noizean behin musika egiteko elkartu izan dira: 2001ean, esate baterako, Zuen eskaparateetan Gasteizko gaztetxearen aldeko kanta egin zuten, eta, duela bi urte, Aitzol Gogorza lagun presoari dedikatu zioten Okila abestia, Tolosako Bonberenean grabatutakoa.
"Akuilu" moduko esperientzia horretatik abiatuta "hasi zen bero-tzen gauza". Eta hainbeste berotu zen, non Errenteriako laukoteak Arrakala diskoa kaleratu baitu. Aurreko hirurak desagertutako Esan Ozenki diskoetxearekin plazaratu zituzten; laugarren hau, berriz, Bonberenea Ekintzak zigilupean. Biltzen dituen zortzi kantak Karlos Osinagak grabatu, nahastu, ekoiztu eta masterizatu ditu Tolosan. "Forman geundela ikusi eta hark animatu gintuen grabatzera", aipatu zuten Sorkunek (ahotsa), Txikik (bateria), Gorkak (gitarra) eta Gorkitak (baxua).
Aipaturiko Zuen eskaparateetan eta Okila ez beste kanta guztiak berriak dira, "iazko udatik hona" sortutakoak. Guztiak beraiek ida-tzi eta konposatutakoak dira, Lokatz siderala izan ezik (Eider Rodriguezena da). Estiloari dagokionez, rocka, post tock pasarteak, stoner ukituak, pop kutsuko melodia gozoak, distortsioa edota hardcore oldarkorrez bustirik dauden kantak ditugu, nahiz eta taldekideek jakin ez lehengo estilo bertsuari eutsi dioten. "Aldaketak egon badaude, baina jendea, instrumentuak eta asmoak berberak dira. Jendeak diskoa entzun eta berehala jakingo du Kashbad dela", azpimarratu zuten.
Printzipioz, haien itzulera "mugatuta" dago, hots, aurtengoan bakarrik emango dituzte kontzertuak. "Hori da gure plana, baina ez dakigu aurrerago zer gertatuko den . Edozer gauzatara gaude irekita eta gauza asko gerta daitezke", esan zuten. Momentuz, kontzertuz josita dute agenda: larunbatean aurkeztuko dute diskoa Hazparnen eta ondoren Tolosan (hilak 16), Gasteizen (17), Bilbon (22) eta Atarrabian (31) arituko dira. Ekainaren 6an Bergaran joko dute eta 7an, Errenterian.
Itzulera "kasuala izan da" eta, aurkezpenaz gain, ez dute agerraldi berezi gehiagorik egingo, ezta elkarrizketarik emango ere. "Disko berria kaleratu dugu eta ez dugu gauza handirik kontatzeko", desenkusatu ziren. Zuzenean jotzeko, berriz, irrikan daude: "Kristoren ilusioa dugu, emozionatuta gaude".