bilbo - Euskararen eta euskal kulturaren alde lanean dabiltzaten hainbat erakundek bat egin dute urtesasoiak.com webgunea era-tzeko. Hasierako proposamenean, Labayru Ikastegiaren eta Ikastolen elkartearen ekimenez, urteko sasoiei lotutako euskal tradizioen inguruko materiala hiru euskarritan jaso zen: bideoa, liburua eta audioa. Orduko itxura eraberrituta, euskarri ezberdinak bateratzen dituen orrialde digitalean Bizkaiko Foru Aldundia, Azkue Fundazioa eta Etxepare Instituraren babesa izan dute.

Hain zuzen ere, erakunde guzti horien ordezkariak bildu ziren atzo Rekalde aretoan jazo zen aurkezpenean euren sostengua berresteko asmoz. Besteak beste, Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Adolfo Arejita (Labayru), Igone Etxebarria (Labayru), Mari Jose Olaziregi (Etxepare), Jurdana Acasuzo (Azkue) edota Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundia) izan ziren.

Instituzio ezberdinen arteko elkarlana goraipatu zuen Josune Ariztondo Kultura diputatuak: "Sektore industrialean hain garrantzizkoa den lankidetza publiko-pribatua politika kulturalean ere beharrezkoa da; ez bakarrik garai zailak direlako, baizik eta lankidetza horrek gizarte kohesioa bultzatzeaz gain, gure gizartearen bizitasuna suposatzen duelako". - A. Araluzea