Donostia. Euskaltzaindiak eta Zarauzko Udalak Inazio Eizmendi Basarri bertsolari, kazetari, idazle eta ohorezko euskaltzaina omendu zuten atzo; joan den asteazkenean, hilak 27, ehun urte bete baitziren jaio zela. Mendeurrena dela-eta, urte osoan zehar bertsolariaren omenezko ekitaldiak egiten ari dira. Euskaltzaindia ere Zarautzen izan zen atzoko goizean, eta osoko batzarra bertako udaletxeko Pleno Aretoan garatu zuen.

Ondoren, Udalarekin batera, ageriko bilkura ere egin zuen han. Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzain eta Akademiaren Herri Literatura batzordeko kideak Basarri 1931-1943 hitzaldia eskaini zuen. Bere bizitzaren pasarte ba-tzuk agertu zituen Iriondok, eta bertsolari, kazetari eta irrati esatari den bezala, berak egin eta esandako batzuk ere ekarri zituen gogora atzoko omenaldian.

Gainera, abenduaren 17an Basarri. Zarauzko berriak. 1931-1936 liburua aurkeztuko dela iragarri zuen, Auspoa bildumaren barruan. Berebat, Xabier Euzkitze batzorde bereko kideak Basarriren bertsoak kantatu zituen ekitaldian zehar.

Bilkura horretan ere, Basarriren senideei oroitarri bat eman zi-tzaien, eta amaitu ostean, Inazio Eizmendiren omenezko plaka bat zabaldu zen Azken Portun, bera bizi izan zen etxe aurrean, hain zuzen.

Bestetik, Zarauzko Udalaren eta Montxia Bertso Eskolaren ekimenez antolatu izan da urte osoko omenaldia, eta erakunde hauek izan dituzte alboan mendeurrenaren egitaraua prestatzeko: Zarautz Abesbatza, Eusko Ikaskuntza, Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskaltzaindia bera.

Basarri 1913an jaio zen, Errezilgo Granada baserrian, baina zazpi urte zituela joan zen Zarautzera bizitzera. Zarautzen ere hil zen, 1999ko azaroaren 3an, 86 urte bete-tzear zegoela.