Síguenos en redes sociales:

June Crespo: "Nire helburua artelanak autonomia bat hartzea da"

Inguruak abiadura eskatzen duenean, gizarteak etekin berehalakoa lehenesten duenean, erabili-bota lelopean bizi garen honetan, hitzen eta irudien bonbardaketa gupidagabea jasanez, handik eta hemendik estututa, noraezari ihesi, June Crespok karakolaren abiadurari erreparatu dio

June Crespo: "Nire helburua artelanak autonomia bat hartzea da"argazkia: marcos ruiz

Bilbo. Isiltasunarekin batera, gauzak patxadaz egitea da gaur egungo iraultza txikietako bat, eta artista nafarrak erloju guztiak txikituko lituzke, bakearen mesedetan. Gure Artea saria irabazi berri du June Crespok (Iruñea, 1982), eta bere asmoak betetzeko bidean da. Prisa barik.

Zu ohituta zaude sariak jasotzen, gutxienez 2005etik. Zer eskain-tzen dio artista bati honelako sari batek?

Kasu bakoitzean desberdina izan da. Oraingoan, ibilbide luzea eta garrantzia handia duen saria da eta horrek lanean jardun eta aurrera egiteko indarra ematen dit, neure burua lanarekin inoiz baino konprometitutagoa ikusten dudan momentu honetan. Kanpotik datorren legitimitatea beharrezkoa da askotan gure lana kontutan har dezaten, baina, batez ere, ekonomikoki laguntzen dute. Tarte baterako kezka gehiegirik gabe lanari denbora eskaini ahal izatea da sarien abantailarik handiena.

Zuk beti esan duzu 'maratonianoa' dela artistaren ibilbidea. Eta 'giroa' dagoen moduan, hobe horrela hartzea, ezta?

Nire ustez, giroa halakoa ez denean ere poliki ibili behar den bidea da artistarena. Epe luzeko erronka da eta ez da komeni aukerak azkarregi agortzea. Batez ere, lanak heldutasun edo sendotasun batera iristeko eta artistak hazteko behar duen askatasuna ez galtzeko.

Edonola ere, nola biziraun dezake artista gazte batek egungo egoera ekonomiko kaskarrean?

Gazte, eta horren gazte ez diren artistek diru-laguntzetara jo behar dute, edo bestelako lanbideetan jardun, biziraun eta ekoiztu ahal izateko. Egoera estutu egin da azken urteotan, baina beti izan da zaila artistentzat.

Eta gizarteak abiadura eta errendimentu berehalakoa eskatzen duen une honetan, nola jokatzen du artista batek?

Indarrak neurtu eta lan egiteko aukerak neureganatzen ikasten nabil, ahal den heinean. Aldez aurretik proiektatutako emaitzak alde batera utzi eta prozesuari lekua egiten saitzen naiz. Ahal den neurrian, kanpoko eskakizunei aurre egiterakoan nire esperien-tzia eta lan ildoei eusten diedalarik.

Ikerketa eta materialen uztartzea dira zure obraren ardatzetako bat. Ez duzu ezer baztertzen nahi duzuna adierazteko?

Nire lana diziplina desberdinetako tarteko bidean kokatzen dela esan daiteke. Irudiaren erreprodukzio eta erabilera esperimentala arte grafiko eta eskulturaren eremuetan ustiatzea da nire lanaren ezaugarrietako bat. Eskultura ikuspuntu zabal batetik jorratzen dut, egiten ditudan objektuak assenblage eta collage-aren mugetan kokatu daitezkeelarik.

Zein da zure lanen funtsa, helburua?

Esan dezaket, lan egiten dudanean artelanak autonomia bat hartzea dudala helburu. Inposatutako esanahi edo diskurtso jakin bati eran-tzuten dion objektu bat baino, bere legeen arabera egituratzen den nortasun berri baten bila noa. Hala ere, beti dago nire nahiekin tira-bira estu batean. Honi jarraituz, artelanak pertsonalak edo orokorrak diren gai, afektu eta grinak, sintesi baten bitartez, nolabait islatzeko gai izatea da helburuetako bat. Bere baitan ematen den sintesia, ordea, materia, forma eta estrukturak bat egiten dutenean gauzatzen da.

Edonola ere, zure lanak ez dira lar esplizitoak izaten. Ikuslearen inplikazioa eskatzen duzu? Zergatik?

Jatorri desberdinetako objektu eta irudiak neureganatu eta kontextuz aldatu egiten ditut, haien berezitasunak harreman berrietan ipiniz. Modu honetan haiek piztu ditzaketen asoziazio aukeretaz baliatu eta esanahi berriei bidea ematen saia-tzen naiz. Beti ere esanahi irekiak dira, bakoitzak lanak bere moduan har ditzake eta bere kasa interpretatu. Gehienetan ez dute interpretazioa eskatzen ere; horren ordez, ikuslearen inplikazioa bilatzen dut, baina artelanarekiko gorputzez gorputzeko afekzioaren bidez, eskala eta materialtasuna direla medio.

Nola ikusten duzu zeure burua bost urte barru? Artista? Irakasle? Komisario?

Artista moduan ikusi nahiko nuke. Aurrera begira, lan handia dut egiteke pausuak eman ahala helburuak berrizten dira eta. Nire lana heldutasun bateraino eraman ahal izatea da nahi nukeena, libreago eta lasaiago aritu, inoren espektatibaren zamapean egon gabe! Neureak ere ez.

Eta datorren urterako zer daukazu esku artean?

Azkeneko urtean hasitako lan ildoetan aritzea dut helburu eta horrez gain atzerrian egonaldi bat dut zehaztearren.