Donostia. Segurako herria euskal dantzaz eta musikaz beteko da 37. aldiz larunbat honetan. Euskal Herriko Dantza Txapelketa ospatuko da Baratze pilotalekuan eta arratsaldeko 18.00etan hasiko da, bertan Gipuzkoa eta Bizkaako bederatzi bikotek parte hartuko dutelarik.
Urte osoko lana bi dantzatan erakutsi beharko dute lehiakideek, fandangoa txistuz eta arin-arina trikitiaz dantzatuko baitituzte. "Estilo guztiak onartzen dira, bakoitzak nahi duen moduan dantzatzea dauka", argitu zuen atzo Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari den Xabier Mendizabalek lehiaketaren aurkezpenean. Hala ere, plaza dantzen berdina ez dela argitu zuen, "dantzari espezialistak" direla esanez. Gainera, epaimahaian bost pertsona izango direla aurreratu zuen eta hauek, "arlo teknikoaz aparte, alde artistikoan, bikotearen konplizitatean ere" arreta jarriko dutela azaldu zuen. Gainera, larunbatean Segurara hurbiltzeko deialdia egin zuen, "momentu honetan oso maila onean daude eta".
Bertako alkatea, Eluska Gerriko, pozik azaldu zen Seguran horrelako lehiaketa bat 37 urtetan zehar ospatzen delako. "Gure helburuazazpi herrialdetako bikoteak aurkeztea da", aitortu zuen, eta hori lortzeko ahaleginak egingo zituztela zioen.