Bilbo. Hil honetan garatzen ari diren Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, horma-pinturari buruzko erakusketa aurkeztu zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Ondare Aretoan, Horma pintura Bizkaian. Izkututako ondarea.1450-1850 izenburupean.

Margo-lanen hondarrek daukaten ondare-balioaren jakitun, Bizkaian kontserbatzen diren horma-pinturen inbentarioa egitea erabaki zuen Aldundiak, "lurraldean kontserba-tzen denaren ikuspegi orokorra lor-tzeko", zehaztu dute egitasmo honen sustatzaileek. Denbora-tarte zabala hartzen du erakusketak, XV. amaiera aldetik -ustez Bizkaiko pintzeladurarik zaharrenena den garaitik, adibidez Abantoko Santa Julianakoetatik-, gaur egungo horma-pinturetara arte.

Azarora arte ikus daitezke horma-pinturak dauzkaten 54 elementu. Horietako batzuk, azken urteotan hainbat eraikinetan egindako zaharberritze eta garbiketa lanen ostean agertu dira. "Pintatutako edo pintzelatutako horma eta gangak hainbat lekutan daudela gauza ezaguna da aspaldidanik, baina 80ko hamarkadan hainbat elizatan egindako aurkikuntzak gertatu arte ez zen ikusi pintzeladuraren arte zaharra Bizkaiko eraikin jakin batzuetan unean-unean eta ia anekdota gisa egindako zenbait margo-lan baino gehiago izan zela", azaldu dute.

Horma-pintura eliza, komentu, ermita nahiz eraikin zibiletan zabaldutako arte garrantzitsua izan zen. Gaur egun, eraikin zarpiatuak edo ageriko harrizkoak ikusten dira, baina jatorrian, bereziki aro gotikoan eta Errenazimenduan, "itxura guztiz bestelakoa izan zen".

Hitzaldi bi Erakusketaren harira, horma-pinturari buruzko hitzaldi bi antolatu dira, datorren asteartean, hilak 15, eta 29an. Lehenengoa, Pintura mural de Bizkaia. El arte de la pinceladura. 1450-1850 izenburu duena, Javier Barrio komisarioak eskainiko du. Bigarrena, aldiz, Pedro Luis Echeverria Goñiren eskutik dator, El papel de la pinceladura en la arquitectura lelopean. Mintzaldi biek Ondare Aretoan izango dute leku, iluntzeko zazpietan.